Politika -
Kultura hiriburua
Jaurlaritzak arretaz jagongo du Donostia 2016 egitasmoa
Cristina Uriarte Kultura sailburuak azaldu duenez, proiektuak aurrera egiteko lanean jarraitzeko disposizioa helarazi dio lehendakariak Izagirreri.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Donostia 2016 Europako kultura hiriburuaren proiektuarekin duen konpromisoa berretsi du ostiral honetan, eta erne egongo dela esan du, "gauzak ondo irteteko".
Cristina Uriarte Kultura sailburuak prentsaurreko bat eman du, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Juan Carlos Izagirre Donostiako alkateak Gasteizen izandako bileraren berri emateko, eta proiektu horren egoerari buruz hitz egiteko, Itziar Nogeras arduradun nagusiaren dimisioak irekitako krisiaren ostean.
Uriartek formaltzat jo du izandako bilera, eta lehendakariak Izagirreri proiektuak aurrera egiteko lanean jarraitzeko disposizioa helarazi diola gaineratu du. Ekimenaren egoera dela eta, kezkatuta ere azaldu dela nabarmendu du.
Uriarteren esanetan, Eusko Jaurlaritzak proiektua arretaz jagongo du, gauzak ondo irteteko, seriotasunez, erakundeen arteko leialtasunez eta profesionaltasunez.
Kultura sailburuak hiriburutasunaren arrakasta izatea Donostia 2016 Fundazioaren Patronatua osatzen duten kide guztien (Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala) "erantzukizuna" dela adierazi du, baina poiektuan Donostiako Udalaren "lidergoa" aitortu du.
Uriartek esan du "optimista" dela, eta udara baino lehen aldi baterako teknika ordezkatuko duen behin betiko zuzendaritza izendatzea espero duela gaineratu du, Itziar Elizondo Komunikazio zuzendariak karguari uko egin eta Guadalupe Echevarria kultura arduraduna kargutik kendu ostean.
Izagirre, "erakundeen arteko lankidetza"ren alde
Izagirrek ere agerraldia egin du komunikabideen aurrean, eta, azpimarratu duenez, Donostia "erakundeen arteko lankidetza" eskatzen duen proiektu baten buru da. Mezu positiboa helarazi du, eta bestelako kontrobertsiak alde batera uzteko deia egin du.
Izagirrek azaldu duenez, lehendakariari hiriburuaren bulegoari giza baliabide "guztiak", ekonomikoak eta azpiegituratakoak emateko beharra nabarmendu du, eta, horren haritik, Eusko Jaurlaritza ekarpen ekonomikoetan "egunean" dagoela adierazi du.
Bileran, izendatu beharreko zuzendaritza berriaz ere hitz egin dute, eta Bruselatik markatzen diren "irizpide eta zuzentarauak" jarraitzeko "beharra" azpimarratu du, proiektuaren buru izango diren pertsonak hautatzeko garaian.