Politika -
Maiatzaren 31an
Preso gaixoak askatzeko eskatuko du manifestazio batek Ondarroan
"Euskal gizarteak atea itxi nahi dio sufrimenduari eta leihoa zabaldu konponbideari", esan dute martxaren aurkezpenean.
Erredakzioa
Gaixo dauden presoak aske uzteko eta, aske utzi bitartean, euskal kartzeletara hurbiltzeko eskatuko dute maiatzaren 31ean Ondarroan (Bizkaia) egingo den manifestazio batean.
"Euskal gizarteak atea itxi nahi dio sufrimenduari eta leihoa zabaldu konponbideari", esan dute Kepa Martinez de Lagos Herria 2000 Elizako kideak eta Iera Arantzamendi Iparra Galdu Barik platadormako kideak martxaren aurkezpenean.
Protesta 12:00etan abiatuko da Ondarroako Zumarditik Giza eskubideak, Konponbidea. Bakea. Gaixo dauden presoak etxera! lelopean.
Ekimena Bilbon aurkeztu dute 15 bat pertsonek eta, azaldu dutenez, "gizartearen hainbat sektoreko hiritarrak" dira, "egoera larrian dauden presoengatik kezkatuta".
Aurkezpenean, Ibon Iparragirre, Inma Berriozabal, Josemi Etxeandia, Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Fernández Iragi, Gari Arruarte, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Ventura Tome, Iñaki Etxabarria eta Josetxo Arizkuren presoen egoera salatu dute, "egoera kritikoan" baitaude, "giza eskubideak urratuz".
Espetxe politikaren helburua "sufrimendu hutsa eragitea" dela esan ostean azpimarratu dutenez, euskal gizarteak atea itxi nahi dio sufrimenduari eta leihoa zabaldu konponbideari, hainbat modutan erakutsi duenez". Aldiz, Espainiako eta Frantziako Gobernuek "kontrako noranzkoan ematen dituzte pausoak".
Horren ildotik, zehaztu dute euskal gizarteak "etorkizunera itxaropenez begiratzen" duen gizartea izan nahi duela, horretarako "denok iheslarien eta presoen afera konpontzeko adostasunak lortu behar ditugu". "Bake egoerari aukera eman behar diogu", azpimarratu dute.