Politika -
'Bateragune auzia'
Konstituzionalak 'erabaki politikoak' hartzen dituela uste du Sortuk
Barrenaren ustez, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "bakearen arerioen" estrategiaren baitan dago, "bake prozesua gelditzea eta suntsitzea" duela helburu.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak astearte honetan azaldu duenez, alderdiak ez du Auzitegi Konstituzionalarengandik "ezer" espero, bere ustez, erakunde horrek "erabaki politikoak" hartzen dituelako, eta ez ebazpen judizialak.
Barrenak prentsaurreko bat eman du Donostian, Amaia Izko bozeramaile abertzalearekin batera, Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia eta Bateragune auziko beste hiru auzipetu kartzelan mantentzeko erabakia kritikatzeko. Ebazpen hori, bozeramaileen hitzetan, "juridikoki ulertezina" da.
Otegik Konstituzionalari sei urte eta erdiko kartzela-zigorra aztertzea eskatu zion, zigorraren hiru laurdenak bete ostean, Batasuna berriro sortzen saiatzeagatik Bateraguneren bitartez.
Barrenak adierazi duenez, Otegik eta auzi honetan kartzelaratutako beste hiru kideek (Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto) zigorraren hiru laurdenak bete dituzte, eta "baldintza normaletan" baldintzapeko askatasunean egon beharko lukete, baina "tratamendu ezberdina" aplikatzen zaiela nabarmendu du, bere ustez, "preso politikoena".
Barrenaren aburuz, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia "bakearen arerioen" estrategiaren baitan dago, "ezker abertzaleak eta mugimendu subiranoak martxan jarritako bake prozesua gelditzea eta suntsitzea" duela helburu.
Sortuko buruzagiak esan duenez, Espainian botere judizialaren independentzia "ez da existitzen", bere alderdiak, beraz, ez du Otegik Bateragune auziaren zigorraren aurka aurkeztutako helegitearen aldeko epairik espero.
Jaurlaritza, Otegi 'lehenbailehen' kartzelatik ateratzearen alde
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak inoiz ez luke Bateragune auziagatik kartzelan sartu behar izan, eta "lehenbailehen" kartzelatik ateratzeko legezko bideak aktibatzearen alde egin du.
Eusko Jaurlaritzaren Batzorde bileraren ostean egindako agerraldian, Konstituzionalak Otegi kartzelatik ateratzea ahalbidetzen duten "arrazoibide juridikoak" ez hautatu izana deitoratu du Erkorekak.