Politika -
EAEJAN-ren XXV. Urteurrena
'Aparteko helegiteak' Auzitegi Nagusien esku uztea eskatu du Erkorekak
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia sailburuaren ustez, "ez dago arrazoi konstituzionalik" horien "monopolioa" Auzitegi Gorenarena izan dadin.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Justizia sailburuak Justizia Auzitegi Nagusien esku utzi nahi ditu "aparteko helegiteak", horien "monopolioa" Auzitegi Gorenarena dela exijitzeko "arrazoi konstituzionalik ez" dagoela iritzita.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren XXV. urteurrenaren ekitaldian egin ditu Erkorekak adierazpenok, Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko presidentearen aurrean. Erkorekaren ustez, Espainiako Gobernuak "apelazio organo huts" bihurtu nahi ditu erkidegoetako Justizia Auzitegiak "arrazoi politikoengatik".
Erkorekak salatu duenez, bazekien Justizia Ministerioak botere judizialaren lege organikoa aldatzeko asmoa zuela, baina hedabideetan izan du aurreproiektuaren berri. "Espero dut etorkizunean hanka-sartze hori zuzenduko dutela", adierazi du.
Gainera, aparteko helegiteak Justizia Auzitegi Nagusien esku uztea aldarrikatu du, "ezerk ez baitu hori galarazten". "Ez dago arrazoi konstituzionalik aparteko berrikuspenen monopolioa Gorenari emateko", berretsi du.