Politika -
Hileta
Paulino Luesmari azken agurra eman diote, Bilbon
Hiletan, Eusko Jaurlaritzako gaur egungo ordezkariak eta kargudun ohiak izan dira, baita Luesmaren PSE-EEko alderdikideak ere.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako gaur egungo ordezkariak eta kargu ohiak, eta PSE-Eeko alderdikideak bildu dira larunbat honetan, Bilbon, Paulino Luesma Eusko Jaurlaritzaren Lan sailburu ohi eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiaren hiletan. Ostegunean hil zen Luesma, 64 urterekin.
Hileta Bilboko Sortzez Garbiaren Parrokian izan da, eta bertan izan dira, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburua, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburua, eta Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua.
Ekitaldian izan dira Idoia Mendia sailburu ohia, Isabel Celaa eta Carlos Aguirre ere.
Horiez gain, Jose Antonio Pastor Bizkaiko sozialisten burua, Alfonso Gil, Iñaki Egaña eta Begoña Gil ere hiletan izan dira. Carlos Urquijo Gobernuaren EAEko ordezkaria ere izan da bertan.
Paulino Luesma politikari sozialista Lan sailburu izan zen Jose Antonio Ardanza lehendakariaren garaian, eta gero Espainiako Gobernuaren ordezkari izan zen EAEn, Ibarretxeren agintaldian, 2004 eta 2008 artean. Azken kargu horretan lau urtez egon ostean, ordezka zezatela eskatu zuen. Ramon Jauregui diputatu sozialistaren oso gertukoa zen.