Politika -
Diputatuen Kongresua
PP eta UPyD, Carlos Urquijo kargutik kentzearen aurka
Gobernuaren ordezkaria kargutik kentzea eskatzeko mozioa aurkeztu du EAJk Kongresuan, baina bi alderdiek atzera bota dute.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria kargutik kentzea eskatzeko mozioa aurkeztu du gaur EAJk Diputatuen Kongresuan, baina PPk eta UPyDk atzera bota dute. Jeltzaleek Urquijoren lana gogor kritikatu dute. Urquijo euskal gizartean tentsioa sortzen duen "zentsorea" dela salatu du EAJk.
Azken bozketaren zain, proposamenak ez du aurrera egingo, PP eta UPyD kontra azaldu direlako. Izquierda Pluralek eta Amaiurrek babesa emango diotela iragarri dute, eta PSOE abstenitu egin da.
Urquijok adierazpen politikoak bakarrik egiten dituela salatu du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Euskal erakundeei eta alderdiei erantzuten die eta "gustuko" ez dituen erabakien aurka helegiteak aurkezten ditu, Estebanen ahotan.
Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, Urquijok karguaren funtzioak "urratu" ditu eta Gobernuaren ordezkaria "zentsore bihurtu du; izan ere, paperak, agiriak eta egunkariak ikuskatzen ditu" helegiteak aurkezteko edo aurka egiteko.
Amaiurren zuzenketa errefusatu du EAJk. Koalizioa abertzaleak harago joan nahi zuen; Nafarroan eta Euskadin Gobernuko ordezkariaren figura ezabatzea eskatu du, alegia. EAJk eta EH Bilduk ordezkariaren desagerpena eskatu zuten iragan abenduan, Eusko Legebiltzarrean, baina jeltzaleek zuzenketa atzera bota dute Kongresuan.
PP
Leopoldo Barreda PPko diputatuak, ostera, Urquijori babesa eman dio. Gobernuaren ordezkariak erakunde guztiek legea betetzea soilik bermatzen duela aurpegiratu dio Barredak EAJri.
Kongresuko ekimenen kupoa hobeto erabiltzeko eskatu dio Barredak Estebani. PPko diputatuaren esanetan, EAJk Amaiurren jokoari jarraitzen dio.