Politika -
Eusko Legebiltzarra
Enpleguaren inguruko eztabaida monografikoa eskatu du EH Bilduk
Langabeziaren egoera "dramatikoaren" aurrean Eusko Jaurlaritzaren "erantzun falta" salatu du koalizio abertzaleak.
Erredakzioa
Langabeziaren egoera "dramatikoaren" aurrean Eusko Jaurlaritzaren "erantzun falta" salatu du EH Bilduk. Horregatik, enpleguaren inguruko eztabaida monografikoa eskatu du koalizio abertzaleak Eusko Legebiltzarrean.
Laura Mintegi koalizio abertzaleko bozeramaileak agerraldia egin du Gasteizko Ganberan. Eusko Jaurlaritzaren ekimen gabezia salatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek. Koalizio abertzalearen hitzetan, Jaurlaritzaren kudeaketa eskasak 11.000 langabe gehiago izatea ekarri du.
Gainera, EAEko langabeen % 50ek diru-sarrerarik ez dutela deitoratu du Mintegik. 50.000 familia egoera horretan daudela salatu du koalizio abertzaleak.
Enplegu plana
Juan Maria Aburto sailburuak astelehenean, Eusko Legebiltzarrean, aurkeztu behar duen Enplegu Plana kritikatu du EH Bilduko bozeramaileak. Eragile sozialen eta talde politikoen ekarpenak bildu ez dituela salatu du Mintegik.
Koalizioak bere proposamena aurkeztu du gaur kazetarien aurrean. Agiriak "neurri konkretu ugari" ditu, Mintegiren esanetan, egoera "dramatikoari" aurre egiteko. Hala ere, 150 ekimenak ez ditu zehaztu.
Mintegiren hitzetan, lanpostuen deuseztapena gelditzeko balio dezakete neurriek. Hala ere, ekimenak ekonomikoki neurtu ez dituztela erantsi du EH Bilduko bozeramaileak.