Politika -
Isabel Carrascoren hilketa
Montserrat Gonzalezen hondakin-probak baieztatu du tiro egin zuela
Alabari ere test hori egin diote, eta negatibo eman du. Carrascoren heriotzarekin zerikusia duelakoa inputatutako udaltzainaren etxea miatu dute.
Erredakzioa
Polizia Zientifikoaren polizia-etxean hainbat egunez egindako hondakinen frogek baieztatu egin dute Montserrat Gonzalezek egin zituela tiro Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketan, iturri judizialak aipatuta Europa Press agentziak kaleratu duenez. Izan ere, froga horretan parafina aztarnak atzeman dituzte Montserrat Gonzalezen eskuetan.
Orain astebete hil zuten Isabel Carrasco Leonen, eta handik minutu gutxira atxilotu zituzten Montserrat Gonzalez eta haren alaba Montserrat Triana Martinez. Amak Poliziaren aurrean aitortu zuen berak egin zuela tiro, Gijonen toxikomano bati erositako Taurus arma batekin. Orain, frogak baieztatu egin du amak aitortutakoa.
Montserrat Triana Martinez alabari ere egin diote test hori, eta negatibo eman du, iturri horien arabera.
Ez dute froga nabarmenik aurkitu udaltzaingoaren etxean
Bestalde, Poliziak Raquel Gago 41 urteko udaltzainaren etxea miatu du astelehen honetan, baina ez du froga nabarmenik aurkitu. Carrascoren hilketarekin zerikusia duelakoan inputatuta dago Gago.
Polizia Nazionaleko agenteek ordu bat baino gehiagoz miatu dute Raquel Gagoren etxebizitza, Leongo Eras de Renueva poligonoan.
Poliziek hainbat kutxa atera dituzte Leongo Udaltzaingoko agentearen etxebizitzatik, baina ikerketa garatzeko ezer nabarmenik ez dela sute dute.