Politika -
'Egiari zor'
Julen Madariagak ETAko militantzia eta disidentziaren memoria egin du
ETAren sortzaileetako batek "hil baino lehen" erakundean militante historiko eta disidente bezala izan dituen memoriak liburu batean idazteko beharra sentitu du.
Erredakzioa
Julen Madariagak, ETAren sortzaileetako batek, "hil baino lehen" erakundean militante historiko eta disidente bezala izan dituen memoriak idazteko beharra sentitu du.
Madariagak (Bilbo, 1932) ostiral honetan aurkeztu du, Donostian, "Egiari zor" liburua, ETA sortzeko eta garatzeko oinarrien autobiografia.
Disidente ibilbideaz ere hitz egiten du. Bide horri 80ko hamarkadaren hasieran ekin zion, eta Aralar sortzen amaitu zuen. Alderdia sortzen parte hartu zuen Madariagak.
"Hil baino lehen egin beharra nuen", aitortu du Madariagak. Azaldu duenez, ETAko beste sortzaile batzuek, besteak beste, Jose Maria Benito del Valle hil egin ziren gertaera haien berri idatzi gabe, eta horrek "atsekabe handia" eragiten zion berari.
Madariagaren hitzetan, "gauza askoren lekuko" izan da, eta liburuan sentsibilitate guztiak sartzen saiatu dela azpimarratu du. Halaber, "organizazioa" "militanteetatik" bereizi du, "denetarik" zegoelako.
Liburua Erein argitaletxeak argitaratu du, euskaraz, eta iraganean pasatako gertakizunez gain, Madariagak bildutako dokumentu batzuk jasotzen ditu, horien artean: Tratu txarrak jasan zituen 1961ean atxilotu ostean, eta 80ko hamarkadan ETAko zuzendaritzara bideratutako hainbat karta.
Egungo momentu politikoari buruzko hausnarketak ere jasotzen dira liburuan, horien artean, ETAk euskal erakunderen bati armak ematearen alde azaltzen da, eta organizazioak 1998an, Lizarrako Hitzarmenean, galdu zuen aukera deitoratzen du, armategia indar nazionalisten eskuetan utzi ahal izan zuelako, eta, era horretan, politikariei utzi independentziaren aldarrikapenaren protagonismoa.
Azken kapituluan, "Ez dut ikusiko" izenpean, Madariagak dio ez duela Euskal Herriaren independentzia bizituko, baina datozen belaunaldiek hori ikusi ahal izango duten konfiantza du.