Politika -
Iruñea
'America 66' erakusketa zabaldu dute kritikei jaramonik egin gabe
Erakusketa bertan behera uzteko eskatu dute Nafarroako hainbat alderdi politiko eta gizarte-eragilek, frankismoaren biktimak iraintzen dituela iritzita.
Erredakzioa
Iruñeko Ziudadelan polemika handia eragin duen erakusketa zabaldu du gaur Espainiako Defentsa Ministerioak: Espainiako Armadaren 'America 66' erregimentuari buruzko erakusketa.
Gerra Zibilean hainbat pertsona fusilatu eta bortxatu izana leporatzen zaio erregimentu horri; horregatik, erakusketa bertan behera uzteko eskatu dute Nafarroako hainbat alderdi politiko eta gizarte-eragilek, frankismoaren biktimak iraintzen dituela iritzita eta Memoria Historikoaren Legea urratu dezakeelakoan.
18:30ean zabaldu dute 'America 66' erakusketa. Erakusketak Iruñeko Ziudadelaren hiru esparru betetzen ditu, nagusia beheko solairuan, Armen Aretoa, Bolborategia eta Labea.
'America 66' erregimentuak 250. urteurrena bete du. Erregimentuak egoitza Aitzoainen du gaur egun.
Mola jeneralaren aginduetara altxamenduan parte hartu zuen erregimentuak, eta diktadura frankistan hilketa eta bortxaketa ugari egin zituen. Erakusketak misio humanitarioetan jokatutako papera goraipatzen du bakarrik.
Inaugurazioaren kontra protestak egin dituzte Iruñean eta Asturiasen, Villaviciosan; izan ere, erregimentuak 17 erizain bortxatu eta hil zituen Asturiaseko herrian.
Sinadura bilketa
Erakusketa iraingarria dela eta, bertan behera uzteko eskatu dute Iruñeko udalbatzaren gehiengoak, Arartekoak eta change.org plataformaren bidez 24.000 sinadura bildu dituzten frankismoko krimenen kontrako taldeek.
Arartekoari sinadurak aurkeztu eta gero ere, erakusketak aurrera jarraitu du eta inauguratu egingo da Ziudadelan, baina Maru Mangado erakusketaren kontrako ekimenaren sustatzaileetako batek jakinarazi duenez, errejimenduaren ezkutuko ikur frankistak kendu dituzte dagoeneko, eta "badirudi errespetatu egingo dutela" Memoria Historikoaren Legea.
Mangadok azaldu duenez, sinadura bilketaren helburua erakusketak "Memoria Historikoaren legea errespetatzea" zen. Hori dela eta, gustura agertu da, "presio sozialak fruitua" eman baitu.
Mangadok espero du erakusketa osoan jokatzea berdin, eta ikur frankista guztiak kentzea, edo Gerra Zibileko eta diktadura garaiko errepresioa "garai beltz" gisa aurkeztea.
Barcina: "Historia kontatu behar da"
'America 66' erregimentua foru erkidegoko historiaren "parte" dela adierazi du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak. Horregatik, kontatu behar dela uste du. "Historia kontatu behar da", esan du Barcinak.
Erregimentuaren 250 urteak "kontatu behar" dira, Barcinaren hitzetan, baina "demokrazian egin diren lege guztiak betez". "Erakusketa legeak betez egin behar da", azpimarratu du.