Politika -
Herritarren sarea
Konponbideak ekainaren 15ean ekingo dio bideari, mobilizazio batekin
Ekimenak ekainaren 15erako mobilizazio bat deitu du, Zuloaga plazan, Donostian, euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde.
Erredakzioa
Konponbidea ekimenak ekainaren 15erako mobilizazio bat deitu du, Zuloaga plazan, Donostian, presoen eskubideen alde.
Teresa Toda eta Joseba Azkarraga Konponbideko bozeramaileek Donostian eman duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekimenak hainbat topaketa egin ditu Eskoriatzan.
Topaketa "oparoak" izan direla azaldu du ohar batean, "anitzak parte hartze aldetik eta aberasgarriak ideia jarioari dagokionez". Horietatik lau ideia azpimarratu nahi izan ditu:
Alde batetik, "euskal jendartearen gehiengoak desio du bake eszenatoki bat, eta horretarako preso eta iheslarien aferari konponbidea ematea beharrezkoa da".
Halaber, egun, oinarrizkoak diren eskubideak urratu egin direla salatu du, eta egoera hauek behin betiko amaitzea dela lehentasuna nabarmendu du, "sakabanaketaren politikaren 25. urteurrena azkena izan dadin, gaixotasun larriak dituzten presoak etxean egon daitezen edota bizi osorako zigorrak ahalbidetzen dituen legealdia bertan behera geratu dadin".
Horrez gain, pertsona bakoitzak egin nahi dezakeenari garrantzia eman nahi diela jakinarazi du, eremuz eremuko lana sustatuz, jendartearen protagonismoa lehenetsiz eta aktibatuz, parte hartzeko aukera desberdinak ahalbidetuz.
Azkenik, jardun hau guztia "konektatuko" duen tresna eraginkor baten beharra dagoela azaldu du, "anitza eta bizia" izango den sare herritarra.