Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Autodeterminazio eskubidea aztergai, gaur, Legebiltzarrean

Duela 24 urte onartutako testu baten moldaketa da gaur EH Bilduk berriz proposatuko duena, baina gaurkoan orduan baino babes zabalagoa jasoko duela espero da.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidea izango dute gaur aztergai osoko bilkuran. EH Bilduk eramango du gaia, autodeterminazioaren aldeko jarrera proposatuta, eta baliteke testu horrek jeltzaleen babesa jasotzea.

Duela 24 urte Legebiltzarrak onartutako testu baten moldaketa da gaur EH Bilduk berriz proposatuko duena. Bertan dio Euskal Herriak Autodeterminaziorako eskubidea duela, euskal herritarrek libre eta demokratikoki erabaki dezaketela euren estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalaz. EH Bilduren testuak gaineratzen du horretarako marko politiko propioa erabil daitekeela, edo herriaren subiranotasuna beste batzuekin elkarbanatu.

Testu horrek EAJren babesa jasoko du gaur, eta, horrela, bigarren aldiz aldarrikatuko du Eusko Legebiltzarrak euskal herritarren autodeterminaziorako eskubidea; gaurkoan, gainera, sekula baino babes handiagoarekin.

Duela 24 urte, EAJk, Eusko Alkartasunak eta Euskadiko Ezkerrak babestu zuten, eta HBk ez zuen bozketan parte hartu, autodeterminazioaz gain Gernikako Estatutua eta autogobernua defendatzen zituelako.

Gaurko testuari osoko zuzenketa aurkeztuko dio PSE-EEk, "autogobernuan sakontzea proposatuz". UPyDk beste testu alternatibo bat aurkeztuko du, zati batek ezin duela Espainia osoaz erabaki argudiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea