Politika -
Noos auzia
Valentzia Summiten prezioa Gobernuak jartzen zuela adierazi du Grauk
Valentzia Convention Bureau Turismo Fundazioko presidente izateagatik inputatu dute Valentziako alkateordea.Erakunde horrek 3 kongresu antolatzea eskatu zion Noos Institutuari, lehiaketarik egin gabe.
Erredakzioa
Alfonso Grau Valentziako alkateordea eta Valentzia Convention Bureau Turismo Fundazioko presidenteak Noos auzian inputatu gisa deklaratu du larunbat honetan. Valentzia Summit topaketen prezioa Generalitateak ezarri zuela adierazi du Jose Castro Noos auziko epailearen aurrean, aurrez prezioa Noos institutuak zehaztu bazuen ere.
Ordubete inguru iraun du Grauren deklarazioak eta Valentzia Convention Bureau Turismo Fundazioaren izaera pribatua aldarrikatu du. Estatuko Administrazioak eta Kontuen Auzitegiak egindako txostenek, berriz, kontrakoa diote eta fundazioaren izaera publikoa nabarmentzen dute. Hala, kontratazio publikoaren arauak beteko beharko lituzke.
Valentzia Summiteko topaketak antolatzeko Diego Torresekin eta Jose Manuel Aguilar Cacsako zuzendari orokorrarekin bilera egin zuela adierazi zion Luis Lobon Valentziako Gobernuko Turismo idazkari ohiak. Halaber, ekitaldi horiek antolatzeko beharrezkoak ziren baldintzekin dossier bat bidaliko ziola esan zion.
Ildo berean, Noos institutuaren atzean Urdangarin zegoela bazekiela onartu du, eta hori Noos institutua aukeratzeko garaian erabakiorra izan zela berretsi du. Are gehiago, Urdangarin Noos institutuan ez balego, ez luketeela Noos kontratatuko azpimarratu du. Hasiera batean Valentzia Summiten lau ekitaldi egitea adostu bazuten ere, azkenekoa ez zen egin Urdangarinek Noos institutua utzi zuelako.
Alfonso Grau Valentziako alkateordea 10:30ean iritsi da Palmako epaitegietara, Noos auzian inputatu gisa deklaratzeko. 2004an, 2005ean eta 2006an Iñaki Urdangarinen Noos Institutuari Valentzia Summit topaketak antolatzeko agindua emateagatik deitu du Castro epaileak.
Grau Palmako epaitegietara daraman aldapa jaitsi du bertan zeuden kazetarien aurrean. Alkaterordeaz gain, enpresari batek ere azalpenak eman ditu epailearen aurrean, Telefonikak Urdangarini egindako 12 milioi euroko transferentziaren inguruan.
Valentziako zinegotzia 11:00etarako deituta zegoen eta Castro epailea eta bera aldi berean iritsi dira epaitegietara.
Alfonso Grau Valentzia Convention Bureau Turismo Fundazioko presidente izateagatik inputatu dute. Erakunde horrek hiru kongresu antolatzea eskatu dio Noos Institutuari, horretarako lehiaketarik egin gabe.
Castroren arabera, Iñaki Urdangarinen institutuak eta Arteen eta Zientzien Hiriaren arteko akordioetan "delitua egon zela adierazten duten zantzu garbiak daude".