Politika -
Araba
Arabako Batzar Nagusiek Carlos Urquijoren dimisioa eskatu dute
Lurralde Jareetan urtero egin ohi den osoko bilkuran, EAJk eta Ezker Batuak EH Bilduren proposamena babestu dute. Batzar Nagusiek euskararen aldeko neurriak 'oztopatzea' egotzi diote.
Erredakzioa
Arabako Batzar Nagusiek Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren dimisioa eskatu dute, "Arabako Udaletan euskararen alde hartzen diren erabakietan etengabe muturra sartzeagatik".
Lurralde Jareetan urtero egin ohi duten osoko bilkuran, EAJko eta Ezker Batuko batzarkideek EH Bilduren proposamena babestu dute. Bien bitartean, batzarkide sozialistak abstenitu egin dira, eta popularrak, berriz, kontra agertu dira.
Halaber, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten udalei eta kuadrillei "erabateko babesa" agertu diete Arabako Batzar Nagusiek. Are gehiago, helburua lortzeko udal horiei babesa eskaintzeko eskatu diote Arabako Diputazioari.
Bestalde, euskararen normalizazioarekin lotuta, Carlos Urquijoren eskaerak jaso dituzten udalei babesa eskaintzeko eskatu diote Arabako Diputazioari.
Amaitzeko, euskararen normalizazioa bultzatzeko baliabide gehiago jartzeko eskaera ere egiten diote.