Politika -
Blesa auzia
Elpidio Silva epailea sekretuak agerrarazteagatik inputatu dute
Fiskalak zortzi lekuko deituko ditu, "epaileak Blesaren mezuetan sartzeko aukera zuela zekitela, mezu horiek nola erabili aztertu zutela edo publikatzen lagundu ziotela" argudiatuta.
Erredakzioa
Madrileko Justizia Auzitegi Gorenak Elpidio Silva inputatu gisa deklaratzera deitu du ekainaren 11rako, ustez Miguel Blesaren mezu elektronikoak hedabideei ezkutuan pasa zizkielako. Horrez gain, babestutako lekuko bati tratu txar psikologikoak eragiteagatik salatu dute Silva epailea.
Susana Polo instruktoreak egindako autoan, zortzi lekuko dietu dituzte, fiskalak horrela eskatuta. Lekukoetako batzuk abokatuak dira eta "epaileak Blesaren mezuetan sartzeko aukera zuela zekitela, mezu horiek nola erabili aztertu zutela edo publikatzen lagundu ziotela" argudiatuta deitu dituzte.
Polok Planeta argitaletxea ere deitu du, Silvak idatzitako "La justicia desahuciada" liburua argitaratu zuen etxea, hain zuzen. Planetari liburuaren bertsio guztiak eskatu dizkio, Silvak berak edo beste pertsona batzuek argitaletxera bidalitakoak.
Halaber, editorialak bidalketa edota jasotze datak zehaztu beharko ditu, baita edukiaren berri izan zuten hartzaileak zeintzuk ziren ere, Silvak urrian kopiak "hainbat pertsonari" bidali izanaren zantzuak daudelako, korreoak prentsan argitaratu baino lehen.
Azkenik, magistratuak Madrilgo Dekano Epaitegiari aitorpenen ondorioak ematea adostu du, tratu psikologiko txarren, oinarrizko eskubideen hausturaren eta dokumentuen faltsutasunaren harira, ustez Silva epaileak magistratu kargutik kanpo egin izana leporatuta.