Politika -

Polizia-operazioa

Oiartzungo atxilotuek gaur deklaratuko dute Ruz epailearen aurrean

Guardia Zibilak atzo atxilotu zituen, terrorismoa goratzea egotzita. Aritxulegi mendiko 'Gudarien Basoa' desegin zuen eta, ondoren, bost lagun atxilotu zituen baso hura landatzea leporatuta.

Terrorismoa goratzea egotzita, bost pertsona atxilotu dituzte

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Oiartzunen atxilotutako bost pertsonak Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera eramango dituzte gaur, 13:00etatik aurrera. Terrorismoa goratzea egotzita atxilotu zituen Guardia Zibilak. Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Guardia Zibilak Aritxulegi mendiko 'Gudarien Basoa' desegin zuen eta, ondoren, bost lagun atxilotu zituen baso hura landatzea leporatuta.

Polizia-operazio honetan, Jokin Izagirre, Xabier Iragorri, Ramon Gaztelumendi, Ramon Sagarzazu eta Miren Itziar Iñarra atxilotu zituzten, hildako ETAko kideak omentzeko toki bat sortzea egotzita. Gainera, aipatutako iturrien arabera, beste sei pertsona inputatu dituzte, baina dagoeneko aske geratu dira.Guardia Zibilaren arabera, atxilotuek Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon Blanco ETAko kideak omendu zituzten aipatu basoan. Egun horretan, Barne Ministerioak jakitera eman duenez, haritz bi landatu zituzten eta ETAko kide horien izen-abizenak jarri zituzten bertan.

Errenteriako Udalak "zalantzak" agertu ditu

Errenteriako Udalak "zalantzak" agertu ditu atxilotuetako baten aurka egindako salaketaren inguruan.

Udalak (Bildu, EAJ, PSE/EE, PP eta Ezker Anitza) aho batez onartu duen adierazpenean, Ramon Gaztelumendik terrorismoa goratzea zalantzan jarri dute. Gaztelumendik Errenteriako Udalean egiten du lan.

239 aldaxka

'Gudarien Basoa' 239 aldaxkak osatzen dute, aldaxka bakoitza hildako ETAko kide bati dagokio, eta plaka batez identifikatuta daude, 1etik 239ra.

Horrez gain, gunea hesi batez inguratuta dago eta mugarri bat prestatu dute, haga bat jartzeko asmoarekin, eta omenaldiak egiteko plaza bat ere prestatu omen dute. Guardia Zibilaren arabera, martxoaren 9an ekitaldi publiko bat prestatu zuten Aritxulegi mendian atxilotuek, iaz hildako Xabier Lopez Peña, Thierry, eta Arkaitz Bellon Blanco omentzeko.

Ekitaldian, bi haritz landatu zituzten 'Gudarien Basoa'n, zuhaitz horietan jarritako karteletan ETAko kide horien izenak idatzi zituzten, eta, ekitaldia bukatu ondoren, apaingarriak kendu zituzten.

Garaiz kanpokoak, Gipuzkoaren arabera

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen esanetan, azken atxiloketak "garaiz kanpokoak" dira, eta "Ebrotik harago arreta desbideratzea" dute helburu, Espainian "erakundeen krisia" gertatzen ari den bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako azken neurrien berri emateko astero egiten duten prentsaurrekoan, Ugartek esan du atxiloketok eta deklaratzera joateko zitazioak "garaiz eta lekuz kanpo" daudela.

"Deigarria da erakundeen krisia gertatzen ari den bitartean, Espainiako krisia, ekintza bat egitea Euskal Herriaren kontra", bere ustean.

"Oroitzea, ez omentzea"

Bestalde, Sortuk Gobernuari ohartarazi dionez, "memoria eskubidearen kontra egitea bakea eta normalizazio politikoa oztopatzea da", eta "gomuta eta memoria ez dira omenaldi eta apologiaren sinonimo", gaineratu du.

Donostian egindako prentsaurreko batean, Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko bozeramaileek atxilotuak aske uzteko eskatu dute. Gainera, horien esanetan, operazioa "PPk eta Rajoyren Gobernuak gertatutakoaren ikuspegia inposatzeko duten obsesioaren erakusgarri da".

"Espainiartasuna inposatzeko, indarrez eta euskal gizartearen borondatearen kontra, beste ahalegin bat da, euskal herritarroi subjektu politiko izatea eta gure etorkizuna erabakitzea ukatzen jarraitzeko", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea