Politika -
Erregearen abdikazioa
Iruñeko Udala, monarkiari buruzko kontsulta eskatu duen lehenengoa
NaBaik sustatu du ekimena, eta I-Eren, PSNren, Bilduren eta Aralarren babesa jaso du. UPN eta PP, berriz, kontra agertu dira.
Erredakzioa
Espainiako errege berriaren izendapena gerturatzen ari den heinean, gora egin du monarkiaren eta errepublikaren arteko erreferenduma eskatzen dutenen presioak. Kontsulta ofizialki eskatu duen lehenengo erakundea Iruñeko Udala izan da.
Nafarroa Baik sustatu du ekimena, eta, Izquierda-Ezkerrarekin eta PSNrekin adostu ostean, Aralarrek eta Bilduk ere babesa eman diote. UPN eta PP izan dira kontsulta egitearen kontra azaldu diren bakarrak.
Onartutako testuak kontsulta "dagokion legezko izaerarekin" egitea eskatzen du, herritarrek estatu ereduaren antolakuntzari buruz erabaki dezaten.
Gainera, ondorio nagusi bat utzi du onartutako testuak. Izan ere, PSNk ez dio Ferrazi jaramonik egin, eta kontsultaren alde agertu da.