Politika -
Erantzuna
Tapiak dio ez ziola Aldundiari eraso egin nahi 'indarkeria' aipatzean
Garapen Ekonomikorako sailburuak "leialtasun instituzionala" defendatu du, EH Bilduk bere kargugabetzea eskatu ostean.
Erredakzioa
Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak "leialtasun instituzionala" defendatu du, eta ukatu egin du Gipuzkoako Aldundiari eraso egin nahi izan zionik "indarkeriatik datozenen leziorik" onartzen ez zuela esan zuenean.
Aurreko maiatzaren 29an Adegik antolatutako Enpresaren Egunean egindako adierazpenak izan ditu hizpide sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Tapiak enpresariak defendatu zituen "konfrontaziotik, mehatxutik eta indarkeriatik datozenen" aurrean, eta "orain leziorik ez emateko" eskatu zuen.
Sailburuak azpimarratu du "enpresariak defendatzeko" hitzaldia eman zuela, Gipuzkoan enpresa gehienak "txikiak" direla kontuan izanda.
Gaineratu duenez, ordea, "herri honetan denok dakigu nortzuk datozen indarkeriatik", eta errefusatu egin du adierazpen horiek Gipuzkoako Aldundiaren kontrako erasoa zirenik, bere Sailak "leialtasun instituzionalarekin lanean" jarraitzen duelako.
Tapiaren kargugabetzea eskatu du EH Bilduk
Dani Maeztu EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, “Gipuzkoako Aldundiaren aurka Euskadi Irratian egin dituen adierazpenek argi erakusten dute Tapia ez dela gai maila horretako erantzukizun instituzionala bere gain hartzeko”.
“Ezin da leialtasun instituzionala babestu eta, jarraian, Gipuzkoako Aldundiaren eta indarkeriaren artean lotura egin; mota horretako adierazpenak ez dira bateragarriak instituzioen artean beharrezkoa den leialtasunarekin”, azpimarratu du Maeztuk. Hori dela eta, sailburuari Legebiltzarrean azalpenak “lehen bait lehen” eman ditzan eskatu dio, baita esandakoa zuzentzeko ere.
“Ez badu hori egiten, Urkulluk kargugabetu egin beharko luke, modu arduragabean hitz egiten duen pertsona batek ez baititu betetzen funtzio instituzional bat betetzeko beharrezkoak diren baldintzak”, esan du.