Politika -

'Faisan' taberna

'Gezi' estortsio taldeko kideei 8 urteko zigorra ezartzea eskatu dute

Irungo (Gipuzkoa) 'Faisan' tabernaren inguruan ekiten zuen ETAko taldearen ustezko zazpi kideei 6-8 urteko espetxe-zigorrak ezartzea eskatu du Fiskaltzak.

'Faisan' taberna. Artxiboko irudia: EiTB
'Faisan' taberna. Artxiboko irudia: EiTB
'Faisan' taberna. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo (Gipuzkoa) 'Faisan' tabernaren inguruan estortsioa egiten zuen ETAren Gezi taldeko ustezko zazpi kideei 6-8 urteko espetxe-zigorrak ezartzea eskatu du Fiskaltzak. Era berean, iraultza-zerga ordaindu zuten enpresa bateko administrazio kontseiluko bost kideri sei hilabeteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du.

Alfonso Martinez de Lizardui, Ramon Sagarzazu Olazagirre, Jean Pierre Haracorene Camio eta Emilio Castillo Gonzalezi zortzi urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du fiskalak, talde terroristako kide izate egotzita. Jose Carmelo Lukin, Iñaki Aristizabal eta Jesus Iruretagoienari, ostera, sei urteko zigorra ezartzea eskatu du kolaborazioa leporatuta.

Akusatuak 2008an auziperatu zituen Baltasar Garzon epaileak. Akusatuak ustez ETAko Gezi azpiegiturako kideak izan ziren. Joseba Elosua Faisan tabernaren jabea taldeko buruzagia omen zen. 2006an Poliziaren operazio baten berri eman zioten Elosuari, eta horrek ETAko estortsio taldearen aurkako operazioa zapuztu zuen.

Besteak beste, Azkoyen konpainiari estortsioa egin zion ETAko taldeak. Horregatik, Azkoyen enpresako administrazio kontseiluaren bost kide aulkian eseriko dira. 37 milioi pezetako iraultza-zerga ordaintzeagatik sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen du Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak