Politika -

Krisia PSCn

'Ñabardurengatik',PSC zatituta egotea gaitzetsi du Navarrok

Datorren uztailaren 13an aukeratuko dute Kataluniako Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi berria, PSOEren idazkari nagusia ere hautatuko duten egun berean.

Pere Navarro. Argazkia: EFE
Pere Navarro. Argazkia: EFE
Pere Navarro. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Navarro PSCko buruzagi ohiak adierazi duenez, Kataluniako Alderdi Sozialistak "aniztasunean batuta egoteari utzi dio, alderdi zatitu batean bihurtzeko". "Ñabardurek proiektua gainditu dute", adierazi du gaur Navarrok, ondorioz, "eztabaida sinplean eta arriskutsuan ez erortzeko" eskatu dio zuzendaritza berriari.

Batzorde Nazionalaren aurrean egindako hitzaldian Navarrok azaldu duenez, "printzipioekin bat egiteko, taldeko interesa interes pertsonalen gainetik jartzeko eta proiektua defendatzeko" eman du dimisioa. "Biderik onena dimisioa ematea zen, eta lidertza berriak lortzeko biltzarra deitzea", esan du.

Halaber, hunkituta azaldu da Navarro Angels emazteari eta bi alabei eskerrak eman dizkienean. "Haiek barik ez nintzateke hemen izango, eta badakit haientzat oso gogorra izan dela. Espero dut familia saritu ahal izatea", esan du.

Idazkari nagusi berria

"Hemendik aurrera beste militante bat besterik ez naiz izango, eta gure proiektua indarrez aurrera ateratzeko ibiliko naiz lanean. Militanteek aukeratuko duten idazkari nagusi berriari nire babes osoa aurreratu nahi diot", esan du. Izan ere, militanteek beraiek lider berria aukeratzearen alde azaldu da.

"Inteligentzia, erantzukizuna eta ausardirako garaia da, gaur inoiz baino gehiago, Kataluniak PSC indartsu eta batua behar duelako, gehiengoaren aurka doan egungo Gobernuaren aurrean, gu benetako alternatiba bat izateko", esan du.

"Alderdi plurala behar dugu, guztiok lekua duten alderdia, serioa, zentzuduna baina eztabaidari eta ideiei beldurrik ez diena, eta hori da eraikitzen saiatu naizen alderdia", azaldu du Navarrok.

Navarroren hitzetan, PSCren idazkaritzan emandako garaia "oso aberatsa izan da, arlo pertsonalean eta profesionalean, baina baita oso latza ere, baina PSCren ardura hartu nuenean, hori banekien".

Batzarra, uztailaren 13an

Bestalde, PSCeko militanteek Kataluniako sozialisten idazkari nagusi berria aukeratuko dute datorren uztailaren 13an, PSOEren idazkari nagusia ere hautatuko duten egun berean.

PSCko ezohiko batzarra uztailaren 19-20ren asteburuan egingo dute, Batzorde Nazionalak igande honetan adostu duenez.

PSCko zuzendaritzak eta alor kritikoek iritzi kontrajarriak erakutsi dituzte: lehenengoek barne-batasun falta ezetsi dute, eta bigarrenek, berriz, "erabakitzeko eskubidean" aldaketak egon ez izana egotzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea