Politika -
Madrilen
Gallardonen seme bat salatu dute, istripua izan eta ihes egiteagatik
Udaltzaingoa ministroaren etxekoekin harremanetan jarri zen, bizkartzainekin hitz egin zuen, eta horiek autoa eraikinean sartu izana ukatu zuten.
Erredakzioa
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren seme zaharrena salatu egin dute asteburuan. El Mundo egunkariaren arabera, salaketa gidari batek jarri du Madril hirigunean istripua izan eta ministroaren semeak daturik eman gabe ihes egin zuela ikusita.
Hedabide horrek zabaldu duenez, istripua larunbat gauean izan zen, Almagro kaleko bosgarren zenbakiaren inguruan, Madrilgo Chamberi barrutian.
Talka egin ostean, bi gidariak autoetatik jaitsi ziren kalteak zenbatekoak ziren ikusteko, baina ministroaren semea autora itzuli zen eta Alonso Martinez enparantzako garaje batean sartu zen. Gallardon ministroa bertan bizi da.
Beste gidariak Udaltzaingoari deitu zion, gertatutakoaren berri eman eta ihes egindako autoaren matrikula zenbakia emateko.
Bizkartzainak
Agenteek matrikula zenbakia ikertu eta autoa Alberto Ruiz-Gallardonen izenean zegoela ikusi zuten. Jarraian, ministroaren etxebizitzarekin harremanetan jarri ziren, baina bizkartzainekin hitz egitea bakarrik lortu zuten.
Bizkartzainek autoa eraikinean sartu izana ukatu zuten. Gidaria ez zen agenteen esku jarri.
Ondoren, beste gidariak Poliziari deitu zion, eta salaketa jarri zuen Leganitos kaleko Polizia-etxean. Hala ere, agenteek ez zuten gertatutakoa salatu, horren txostena besterik ez zuten egin. Ruiz-Gallardonen semeak ez du oraindik gertatutakoaren inguruko bertsiorik eman.