Politika -
Bakea eta bizikidetza
Foro Sozialak gizarteratzeari buruzko eztabaida egingo du larunbatean
Hain zuzen ere, gizarteratze prozesu "integral eta errealista" bat gauzatzeko bideak aztertuko dituzte, Bilbon.
Erredakzioa
Lokarrik eta Bake Bideak sustatutako Foro Sozialak presoak gizarteratzeko prozesu "integral eta errealista" bat gauzatzeko moduei buruzko eztabaida bat egingo du larunbatean, Bilbon.
Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak azaldu duenez, Foro Sozialaren bigarren edizioa Iruñean eta Bilbon egingo dute, ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren.
Hain zuzen ere, Nafarroako hiriburuan gizarteak bake-prozesuan izan beharko lukeen papera hartuko dute hizpide, eta, Bizkaikoan, presoei "tratamendu humanitarioa" emateko eta gizarteratze "integrala eta errealista" egiteko bideak.
Ekitaldiotan hainbat eragile izango dira, hala nola Brian Currin eta Alberto Spektorowski Nazioarteko Harreman Taldeko kideak, Seanna Walsh IRAko preso ohia, Juan Mari Olano Askatasuneko bozeramaile ohia eta Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko epaile ohia.
Riosen ustez, garrantzitsua da herritarren artean presoen egoerari buruz hitz egitea. Izan ere, "badirudi Espainiako Gobernuak ez duela bere jarrera aldatuko epe laburrean", presoek Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzeko banaka egindako eskaerak errefusatu izanak erakusten duenez.
Lokarriko koordinatzaileak "giltzarri"tzat jo du euskal gizarteak parte hartzea, "iraganean lerrotuta daudenei bake-prozesua blokeatzeko gaitasuna kentzeko".
Bestalde, presoek eragindako mina aitortzea espero duela adierazi du. Horren ildotik, txalotu egin du Parisen egindako epaiketa batean Igor Suberbiola ETAko buruzagi ohiak egindako adierazpena, eragindako mina aitortu eta kalte-ordainak ematearen alde egin baitzuen.