Politika -

Epsilon auzia

HKEEko presidentearen jarduna gaitzestea eskatu dute EAJk eta PSEk

Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, Jose Ignacio Martinez Churiaqueren jarduna gaitzesteko mozioa aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSEk proposatutako bokalek.

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epsilon auziaren ikerketan EAJk eta PSE-EEk proposatutako bokalek Jose Ignacio Martinez Churiaque Herri Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidentearen gaitzespena eskatu dute, HKEEren txostenaren inguruko salaketen ostean. Gezurretan aritzea egotzi diote Martinez Churiaqueri, eta gaitzespenaren proposamena Eusko Legebiltzarreko presidenteari ere helarazi diote, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.

Joan den astean, Churiaquek salatu zuen Epsiloni emandako diru-laguntzen fiskalizazioaren inguruan egindako behin betiko txostenetik ondorio guztiak, bi izan ezik, "kendu" zituztela; hau da, "gutxi gora behera 12 orri". Epsiloni eta Hirikori emandako diru-laguntzetan irregulartasunak izan ote ziren ikertzen duen Batzordean egin zuen agerraldia eta onartu egin zuen Legebiltzarrera bidali zuten lehen txostena ezin dela "ontzat jo".

Horri erantzunez, EAJk eta PSE-EEk proposatutako bokalek esan dute Churiaqueren agerraldian (PPk proposatuta) hainbat ''akats eta faltsukeria'' izan zirela. Halaber, gezurtatu egin dute irregulartasunen inguruko erreferentziak zentsuratu izana, eta esan dute egindako horiek ez onartzea izan zela egindakoa, ez zeudelako oinarrituta eta kontrakoa zioten aurretiko txostenak zuzentzen zituztelako. Bokal horien hitzetan, ''desleialtasunez'' aritu zen HKEEko presidentea.

Hala, Churiaqueren jarduna gaitzestea eskatu dute, Herri Kontuen Euskal Epaitegikoko urgentziazko osoko bilkura deituta. Hori deitzen ez dutela  ikusita, baina, Legebiltzarrera jotzea erabaki dute eta, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, mozio hori berau helarazi diote Legebiltzarreko presidenteari.

PP, Churiaqueren alde

Gaitzespen-proposamen horre aurrean, Carmelo Barrio (PP) ikerketa batzordeko presidenteak gutun irekia helarazi die HKEEren kideei. Bertan esan du Churiaquek ''independentziaz eta objektibitateaz'' jardun zuela agerraldi horretan, eta ''erabat bidegabekoa'' dela HKEEko presidentea Epsilon auziko lehen biktima politikoa izan ahal izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea