Politika -

Agerraldia Andoainen

Helegitea 'inboluzioa' dela salatu dute 'Egunkaria'ko akusatuek

Fiskaltzaren helegiteak "ezustean harrapatu ez" dituela azaldu dute auzipetuek. "Kolpe gogorra" izan dela eta bizi duten "ezinegona luzatzeko" bakarrik balio duela erantsi dute.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Auziperatuek kolpe gogortzat jo dute fiskalaren helegitea

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunkaria-ko auzi ekonomikoan auzipetutako lagunen hitzetan, auzia artxibatzearen aurka Fiskaltzak aurkeztutako helegitea "inboluzio" zantzu bat da eta eurek bizi duten "ezinegona luzatzeko" bakarrik balio duela erantsi dute.

Fiskaltzaren helegiteak "ezustean harrapatu ez" dituela azaldu dute Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Jose Mari Sors, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu, Fernando Furundarena eta Ainhoa Albisu auzipetuek. Andoainen (Gipuzkoa) agerraldia egin dute. Ministerio Fiskalak "aurka" azalduko zela ohartarazi zuen apirilaren 7ko audientzian.

Egunkaria-ko auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen Donostiako gai penaletarako 3. epaitegiak, delituak preskribatu direla argudiatuta. Gipuzkoako Fiskaltzak beste irizpide bat mantendu eta helegitea aurkeztu du, delituak preskribatu ez direla ulertzen duelako.

"Kolpe gogorra"

Beraientzako "kolpe gogorra" izan dela onartu dute akusatuek. Inputazioekin egindako kaltea ez dute konpondu nahi, euren kontrako "ankerkeria jarraitu baizik", deitoratu dute.

Akusatuen hitzetan, Fiskaltzak eta Gobernuak "Egunkaria auzia 2000ko agertokira itzuli nahi dute"; izan ere, Guardia Zibilaren ikerketa eta "haren ustezko frogak leheneratu" nahi ditu Fiskaltzak.

Azkenik, Fiskaltza "monarkiaren Gobernuak markatutako bidezidorretik doa", salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea