Politika -
Kartzela politika
Amaiurrek Uribetxeberria bisitatu eta Tome aske uztea eskatu du
Maite Aristegi eta Xabier Mikel Errekondo Arrasaten izan dira gaixotasun larria duen presoarekin, eta larunbatean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Erredakzioa
Maite Aristegi eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak Arrasaten izan dira gaur Josu Uribetxeberria gaixotasun larria duen presoari bisita egiten, eta larunbatean Iruñean Ventura Tome preso gaixoaren alde egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Bisita Uribetxeberriaren etxean izan da, eta ordubete inguruz aritu omen dira hizketan, egungo egoera politikoaz eta gaixotasun larriak dituzten presoei buruz.
Bisitaren ostean, Errekondok "presoen egoera, eta gaixorik dauden presoena bereziki" salatu du.
Horren harira, diputatu abertzaleak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari egotzi die "hemendik aurrera presoei gertatuko zaiena". "Ibon Iparragirrerekin, Aitzol Gogortzarekin eta Txus Martinekin egiaztatu ahal izan genuen moduan, gaur ere Josu Uribetxebarria pairatzen ari den egoera ankerraren lekuko izan gara. Bizirik eta etxean nahi ditugu", berretsi du.
Azkenik, bihar Iruñean Ventura Tome preso gaixoaren alde egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die euskal herritarrei.