Politika -

Eusko Jaurlaritza

Poliziaren biktimen onarpenean 'atzerapausorik' ez izatea espero dute

Iragan astean, Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurka, Memoria Historikoaren Legea urratzen duela argudiatuta.

Monika Hernando, biktimen bulegoko zuzendaria
Monika Hernando, biktimen bulegoko zuzendaria
Poliziaren biktimen onarpenean 'atzerapausorik' ez izatea espero dute

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1960. eta 1978. urteen artean poliziaren indarkeria pairatu zuten biktimek egia, justizia eta kalte ordaina izateko eskubidea dutela eta prozesu horretan “atzerapausorik” ez izatea eskatu du Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Biktimen bulegoko zuzendariak.

Biktima hauen aitortzan atzera ez egiteko eskatu du Hernandok.  Bestalde, eztabaida politikoak utzi eta arazoa bideratzeko eskatu die legebiltzarkideei Manuela Carmena epaileak, biktima hauen eskaerak aztertzen dituen batzordeko kidea.

Izan ere, batzorde horretako kideek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Iragan astean, Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zuen Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren aurka, Memoria Historikoaren Legea urratzen duela argudiatuta. Asteartean, Eusko Jaurlaritzak helegitearen aurka alegazioak aurkeztuko dituela iragarri zuen.

Dekretua 2012ko ekainaren 19an argitaratu zuten EAEko Buletin Ofizialean. 35.000 eta 390.000 euro arteko kalte ordainak aurreikusten ditu dokumentu horrek.

Horrez gain, arrazoi politikoengatik egindako indarkeria zer den zehazten du dekretuak: poliziako funtzionarioek pertsonen eskubideen aurka egindakoa, gizartean eragina izateko helburuarekin egindako indarkeria edota inpunitate osoz egindakoa. Ekimen terroristak egiten zituzten bitartean indarkeria mota hori pairatu zuten pertsonak dokumentutik kanpo utzi zituzten.

Hala ere, Angel Otaegi eta Juan Paredes ‘Txiki’ frankismoak tirokatutako ETAko bi kideak Jaurlaritzak onartutako aurreneko biktimak izan ziren, dokumentu hura aintzat hartuta.

Iñigo Urkullu lehendakaritzara iristean, Jaurlaritzak dekretuan zenbait aldaketa sartu zituetan, tartean kalteordainen edota lesioen inguruan. Estatuko Abokatutzak aldaketa horien aurkako salaketa jarri du.

Abokatutzaren salaketak ez duela batzordearen lana etengo azaldu du gaur Monika Hernandok, eta talde horrek “gardentasun osoz” lanean jarraituko duela nabarmendu du.

Guztira 261 eskaera jaso ditu biktima hauek aztertzeko dagoen batzordeak eta 56 onartu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Polizia indarkeriaren kasuak