Politika -
Salaketak
Lanbide Heziketako azterketak ez ziren filtratu, Uriarteren ustez
Hezkuntza Saila "zorroztasun eta arintasun handiz" aritu zela azaldu du Cristina Uriartek. Azterketa ez zuten errepikatu, eta ezohiko deialdi bat egin zuten.
Erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu du iragan maiatzean ez zela filtraziorik izan eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako goi-mailara sartzeko azterketen "zainketa-kateak" ez zuela porrot egin. Azkenean, hainbat ikaslek salatu egin zuten.
Eusko Legebiltzarreko batzordean izan da Uriarte, Lanbide Heziketako goi-mailara sartzeko maiatzaren 8ko azterketen emaitzei eusteko erabakiari buruz hitz egiteko. Sailburuaren hitzetan, ez dute filtraziorik izan zela erakusten duen frogarik aurkitu. Halere, Hezkuntza Sailak beste azterketa bat egitea erabaki zuen, ekainaren 5ean.
Bi ikaslek Gipuzkoako Lanbide Heziketara sartzeko azterketak filtratu zituztela salatu zuten azterketa egin baino ordubete lehenago, sare sozialen bitartez. Bi ikasleek azterketen argazkiak aurkeztu zituzten, baina ezin izan zuten "frogatu" azterketa egin aurretik edo egiten ari zirenean atera zituzten. Hezkuntza Saila "zorroztasun eta arintasun handiz" aritu zela azaldu du Cristina Uriartek. Azterketa ez omen zuten errepikatu, eta, "zalantza zegoenez", ezohiko deialdi bat egin zuten.
Sailburuak adierazi du azken selektibitate-azterketan ere filtrazio salaketak izan direla, ustez sakelako mugikorren bidez ateratako argazki batzuen harian, baina ziur daude faltsuak direla.
Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak azaldu du Sailean oso larrituta daudela "pikareska" gero eta gehiago erabiltzen delako, azterketen argazkiak sakelako mugikorren bidez eginez.
Kasu honetan, argazkiak 14:55ean atera omen zituzten (azterketa 16:00etarako zegoen deituta), baina "whatsapp zerbitzua manipulatu" egin daitekeela esan du. Horrela, aztertzaileek baieztatu dute ez zela filtraziorik egon azterketa egin aurretik.