Politika -
Gernikan
Urte eta erdiko espetxe zigorra, 'ETA goratzeko pankarta' egiteagatik
Pankarta horretan, ETAri "borroka armatuarekin" jarraitzea eskatzen zitzaiola argudiatu du Gorenak.
Erredakzioa
Hamazortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Gorenak Gernikako emakume bati, herri horretako Gaztetxearen fatxadan agertu zen pankarta bat egitea eta, horren bitartez, terrorismoa goratzea egotzita. Pankarta 2012ko urriko azken astelehenean jarri zuten.
Horrez gain, emakumeak prozesuko kostuak ordaindu beharko ditu. Ebazpenean, emakumezkoak jarritako kasazio errekurtsoa ere bertan behera utzi du Gorenak, eta bere egunean Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra berretsi du. Epaiaren arabera, pankarta emakume horrek egin zuen, baina ezin izan du frogatu hark eskegi zuenik.
Pankarta horretan, ETAri "borroka armatuarekin" jarraitzea eskatzen zitzaiola gaineratu du Gorenak.
Auzitegi Nazionalaren arabera, emakumeak 2012ko urriaren 29an egin zuen aipatu pankarta, ETA "goratzeko" ideiarekin.
Bost metroko luzera eta hiru metroko zabalera duen pankarta horretan, ETAren anagrama agertzen zela azpimarratu zuen Auzitegi Nazionalak, eta azpialdean, "ETA, bietan jarrai" esaldia zegoen jarrita.