Politika -
Parlamentua
Nafarroako Gobernuak ETBri 'oztopo' egitea ukatu du
ETBko emisioek "Foru erkidegoaren errealitate instituzionala" errespetatu behar dutela azpimarratu dute.
Erredakzioa
Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak esan du ETBk TDT bidez Foru erkidegoan egindako emisioek ezin dietela "Nafarroan emititzeko baimena duten telebista pribatuei lehia bidegabea egin".
Kontseilariak Aralar-Nabaik egindako galderari erantzun dio, Nafarroak eta Euskadik ETB TDT bidez ikusteko negoziazioei buruzko saioan. Negoziazio horietan, Nafarroako Gobernuak pilota partidak emateko eskubideak Nafarroan emititzeko baimena duten beste telebistekin partekatzeko eskatu dio ETBri.
Exekutiboko bozeramaileak "Nafarroako errealitate instituzionalari eta herritarren interesei errespetua izatea" defendatu du, eta ETBren emisioek "Foru erkidegoaren errealitate instituzionala" errespetatu behar dutela azpimarratu du.
Horren harian, Gobernuak emisioei "oztopo" egitea ukatu du, Foru Gobernuak "Nafarroako ikus-entzuteko merkatuaren lehiakortasuna zaindu behar duela argudiatuta. "Nafarroan emititzeko baimena duten telebista guztiek edukiengatik berdintasunez lehiatzeko bermea zainduko du Gobernuak", esan du Sanchez de Muniainek.
Aralar-Nabairen erantzuna
Parlamentuak emisioa jasotzeko erraztasunak eskatzen dituen bitartean Gobernuak "guztiz kontrakoa" egiten duela erantzun dio bozeramaileari Nekane Perez Aralar-NaBaiko parlamentariak.
Perez "harrituta" agertu da Gobernuak pilota partiden eskubideen "baldintza" jarri izanagatik, "Gobernuak ETBri eskatzekorik ez zuela eta bere gaietan sartuko ez zela esan ostean".
Gainera, Nafarroako Gobernuak "nafarren interesak enpresa pribatuen interesekin" bateratzen dituela kritikatu du, "orain arte ez zegoen arazoa sortu eta baldintza berri bat jarrita".