Politika -
Azken eguna
PSOEko buru izateko hautagaiek gauerdira arte dute abalak aurkezteko
Eduardo Madinak eta Pedro Sanchezek gutxieneko 9.874 abalak lortu dituzte dagoeneko, bien taldeen arabera. Rubalcaba ordezkatzeko hautagaiak larunbatean izendatuko dituzte ofizialki.
Erredakzioa
PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaiak gauerdira arte dute beharrezko abalak biltzeko eta uztailaren 13an militanteen babesa jasotzeko. Eduardo Madinak eta Pedro Sanchezek gutxieneko kopurua lortu dute dagoeneko.
Hautagai ofiziala izateko, PSOEko 198.000 militanteen % 5en abalak bildu behar dira, 9.874 abal, alegia. Guztira, alderdi sozialistako bederatzi kidek agertu du hautagai izateko asmoa.
Madinak eta Sanchezek gutxienezko sinadurak baino gehiago aurkeztuko dituzte, bien taldeen arabera.
Madinaren taldeak 15.020 sinadura aurkeztu zituen ostegun arratsaldean PSOEk Ferraz kalean duen egoitzan. Beste 6.000 biltzeko asmoa dute, epea amaitu aurretik.
Pedro Sanchezen taldeak ere gutxieneko abalak bildu ditu jada, eta 20.000 baino gehiago aurkeztea espero dute.
Jose Antonio Perez Tapias Izquierda Sozialistako ordezkariak, aldiz, arazoak izan ditzake gutxieneko babesa lortzeko. Bere hautagaitzatik adierazi dutenez, 1.500 sinadura falta zaizkio oraindik.
Kanpaina, hautaketa eta berrespena
Beharrezko abalak aurkeztu dituzten hautagaien izendapen ofiziala larunbatean egingo dute, baina kanpaina ez da uztailaren 2ra arte hasiko, helegiteak egiteko epea bukatu ondoren.
Militanteek uztailaren 13ko bozketan aukeratzen duten hautagaia izango da PSOEko idazkari nagusi berria. Irabazleak Alfredo Perez Rubalcabaren lekua hartuko du. Rubalcabak política utziko duela iragarri zuen ostegunean.
Militanteen erabakia uztailaren 26an eta 27an Madrilen egingo duten ezohiko kongresuan berretsiko dute.