Politika -
Sortu
Epaile espainiarren hitzak 'berritzaileak' direla uste du Sortuk
Hasier Arraiz alderdiko presidenteak esan du "bakearen eta konponbidearen atalean aurrera egiteko nahia duten sektoreen eskutik" lan egiteko prest dagoela Sortu, eta Urkulluren jarrera kritikatu du.
Erredakzioa
Gimenez –Auzitegi Gorena–, De Castro –Espetxe Zaintzako Epaitegia– eta De Prada –Auzitegi Nazionala– epaile espainiarrek egindako adierazpenak "berritzaileak" direla esan du Sortuk, "bakea eta gatazkaren konponbidea nahi ez dutenen izaera mendekati eta atzerakoia" duen justiziaren ikuspegi "desberdin eta kontrajarria" eskaintzen dutelako.
Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Luis de Castro epailearen hitzak azpimarratu nahi izan ditu, "euskal presoak gerturatzea eskubideen atalean eta ez espetxe onura gisa" sailkatzeagatik. Arraizen arabera, Castrorenak bezalako adierazpenek "dispertsioaren amaiera ekarriko duten ekintza judizialen parte izan behar dute".
Bestalde, Sortuko presidenteak "epaileek egindako aurrerapausoen eta Urkulluren pausoen arteko alde izugarria" aipatu du, eta "aurrerapausoak egiteko gai ez izatea" leporatu dio lehendakariari. "Horixe da gobernatzen duen lurraldeko gizartearen gehiengoak eskatzen diona".
"Madrilera begira dago Urkullu, Ezker Abertzaleari urratsak eskatzen eta eskuetan saskia duela, Rajoyren aldetik zer jasoko duen ere ez dakiela. Eta bitartean, prozesuak aurrera egiteko ezertxo ere egin gabe", salatu du Arraizek.
Sortu "Bake agertokian aurrera egiteko prest dauden sektoreekin lan egiteko prest" dagoela adierazi du alderdiko presidenteak. "Bada garaia salbuespenezko politika eta neurriak alboratzeko, ez direlako eta ez direlako izango herri honetako normalizazio politiko eta sozialaren oinarria", gehitu du.