Politika -

Polemika

'Ordaindutako informazioa ez da abantaila politikoa lortzeko erabili'

Oposizioko alderdi guztiek Publizitate eta Komunikazio legea urratu dela uste dute, eta zuzenketa bat atera dute aurrera.

Iñigo Urkullu lehendakaria, EiTB.
Iñigo Urkullu lehendakaria, EiTB.
'Ordaindutako informazioa ez da abantaila politikoa lortzeko erabili'

L.E. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak zenbait hedabidetan ordaindutako informazioak "abantaila politikoa ateratzeko tresna bezala erabili izana".

Lehendakaria Legebiltzarreko Batzorde Iraunkorrean izan da, Noticias Taldeko hedabideetan agertutako informazioen inguruan oposizioak egindako salaketei erantzuteko.

"Jaurlaritza gardentasun osoz aritu da", esan du lehendakariak, oposizioko taldeek egindako "salaketa larriei" erantzuteko. "Erakundeetatik bultzatutako publizitate kanpainak gauza bat dira, eta beste bat, ezberdina, momentu jakin batzuetan ordaindutako informazioak", azaldu du Urkulluk.

Honen harian, lehendakariak onartu egin du "hobetzeko gauzak daudela", baina ukatu egin du hedabide jakin bati "mesede egin izana": "14 hedabide ezberdinen proposamenak onartu ditugu".

Lehendakariak emandako datuen arabera, 55.000 euro erabili dituzte polemika sortu dituzten informazioak babesteko. Eduki horiek Eusko Jaurlaritzaren babesa zutela argi geratu ez zela kritikatu dutenean, Jaurlaritzak babesa ezkutatzeko "inolako agindurik ez" zuela eman esan du Urkulluk: "Jaurlaritzak informazio bat babesten duenean, babes hori argi eta garbi adierazita geratzeko interesa du".

Bost konpromiso

Gauzak horrela, eta hobekuntza prozesu horretan aurrera egiteko, lehendakariak bost konpromiso iragarri ditu: gardentasuna sakontzea, barne-prozesuak hobetzea, kontrolak areagotzea, kode-etiko bat ezartzea eta Justiziarekin elkarlana bultzatzea.

Konpromiso horien ondorioz, orain arte publizitate gastuen inguruan egiten ziren txostenak lau hilabetean behin egingo dira, eta Legebiltzarreko taldeei helaraziko dizkiete.

Oposizioaren kritikak

Agerraldia PSE-EEk eskatuta egin du lehendakariak. "Hedabide talde jakin bati ordaindutako informazioak ematea" eta "herritarrak engainatzea" egotzi dio Jaurlaritzari Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak saioaren hasieran; izan ere, Pastorren iritziz, "publizitate hutsa zena informazio itxurarekin argitaratu zuten".

Gainerako taldeek sozialisten kritikekin bat egin dute, eta "hedabide jakin bati mesede egitea" leporatu diote Jaurlaritzari.

Oposizioaren zuzenketa

Oposizioko alderdi guztiak bat etorri dira Publizitate eta Komunikazio legea urratu egin dela esatean, eta jarraian, aferaren inguruko ez legezko proposamenak eztabaidatzean, zuzenketa bat adostu dute, EAJk aurka bozkatu arren, aurrera atera dena.

Onartu den ekimenean, "albisteak erosteko" diru publikoaren erabileraren inguruan erantzukizunak garbitzeko eskatu dio Ganberak lehendakariari, "legearen aurka" doazen publizitate kanpainak eta propaganda "ezkutatu" ahal izateko erabiliak.

"Urratutako legea" berrezartzeko beharrezko neurriak hartzeko eta "ezkutuko publizitatea" egiteko erabilitako dirua berreskuratzeko eskatu dio Parlamentuak Eusko Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia