Politika -
Katalunia
Parlamentua setiatu zutenen absoluzioa errekurrituko du Fiskaltzak
Torres-Dulceren arabera, gertatutakoak Kataluniako Parlamentuaren "subiranotasun demokratikoari" eragin zion.
Erredakzioa
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak "desadostasun osoa" agertu du Kataluniako Parlamentuaren setioan parte hartu zutenen absoluzioaren aurrean. Auzitegi Nazionalak epaia eman zuen astelehenean, eta 2011ko ekainaren 15eko ekintzetan parte hartu zuten 19 'suminduak' aske utzi zituen.
Torres-Dulcek Batzorde Fiskalaren bileraren atarian hedabideei esan dienez, akusatuek egindakoa "oso larria" da, "Parlamentuaren subiranotasun demokratikoari" eragiten diolako.
Ondorioz, Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiak Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du, "arrazoi juridikoa" Auzitegi Nazionalak edo Fiskaltzak duen erabaki dezan.
"Gureak akusazio-tesiak ziren, eta, erabakiari errespetua badiogu ere, ez gaude inola ere ados", esan du Torres-Dulcek, gertatutakoa larria eta kezkatzekoa dela azpimarratuta.
Errekurtsoa aurkeztuta, bere tesia eztabaidatzea bultzatu nahi duela azaldu du, "doktrina sortzen duten erabaki penalak Gorenak aztertzea komeni delako, antzeko gaietan zein irizpide erabili behar den zehazteko".
Batzorde Fiskala hasi aurretik, Torres-Dulce eta Batzordeko kideak Artur Mas Generalitateko presidentearekin, Germà Gordó Justizia kontseilariarekin eta Llanos de Luna Gobernuko ordezkariarekin bildu dira.