Politika -

Kongresua

25 lege aldatuko dituen dekretuaren aurka agertu da oposizioa

"Hazkunderako, lehiakortasunerako eta eraginkortasunerako larrialdiko neurrien dekretua" ostegunean eztabaidatuko dute osoko bilkuran, oposizioko talde guztiak aurka dauden arren.

25 lege aldatuko dituen dekretuaren aurka agertu da oposizioa

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak pasatu den ostiralean onartu zuen lege dekretua, modu "ilegal" eta "tranpatian" 25 lege aldatzen dituena, ostegunean Kongresuko osoko bilkurako gaien zerrendan sartzea "iraina" eta "jauntxokeria" dela salatu dute oposizioko talde guztiek.

Oposizioak protesta egin arren, "hazkunderako, lehiakortasunerako eta eraginkortasunerako larrialdiko neurrien dekretua" ostegunean eztabaidatuko dute Ganberako osoko bilkuran, Jesus Posada presidenteak azaldu duenez.

Soraya Rodriguez PSOEko bozeramaileak iragarri du dekretuari helegitea jarriko diola Konstituzio Auzitegian. Gainera, Gobernuak "lerro gorri bat gehiago" gainditu duela salatu du, "gehiengo absolutua nagusikeriaz erabilita".

Ostiralean Ministroen Kontseiluak onartutako dekretuak 172 orri ditu, 25 lege aldatzen ditu eta bederatzi ministeriotako eskumenei eragiten die. Rodriguezek kritikatu duenez, "munstro" horrek "errespetu instituzionala eta legezkotasun printzipioa urratzen ditu".

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak adierazi duenez, Gobernuak ostegunean onartu nahi duen dekretuak "eskubideen neurrigabeko erabilera" erakusten du, eta "parlamentarismoaren heriotza" dela azpimarratu du.

"Egun guztia gardentasunari, Gobernu onari eta ordezkariei hitza emateari buruz mintzatzen pasatzen dugu, eta alderantziz ari gara jokatzen", salatu du Estebanek, eta tramite bakarrean hogei legetik gora aldatzeko Gobernuaren egitasmoa "iraina", "gehiegikeria" eta "jauntxokeria" direla adierazi du.

Jon Iñarrituk argitu du Amaiurrek aurka bozkatuko duela "aurrez pentsatuta" osoko bilkuran sartutako dekretuaren inguruan, "neurri atzerakoiak soilik" biltzen dituela uste baitu.

Bestalde, Alfonso Alonso PPko bozeramaileak dekretua ahalik eta bizkorren onartzeko beharra azpimarratu du, ekonomia berpizteko neurriak biltzen dituelako eta gazteen kontratazioa bultzatu nahi duelako. "Horrek segituan sartu behar du indarrean".

Alonsok adierazi du "zentzu gutxikoa" dela oposizioaren portaera, eta Kongresuan gauza oker asko egin zirela esan du, baina dekretu hau "onerako" izango dela gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea