Politika -

Blesa auzia

Blesa lege baldintzak betez kartzelaratu zuela adierazi du Silvak

Epaile ohiak Caja Madrideko presidente ohiaren aurka zuzendutako instrukzioa defendatu du, eta agindutako espetxe-zigorrak arrazoizkoak zirela esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elpidio Jose Silvak gaur defendatu du Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohia "modu arrazoituan" espetxeratzeko "legezko baldintza guztiak" bete zituela, ihes egin edo frogak suntsitzeko arriskuaren aurrean.

Prebarikazio delitu bat eta askatasun indibidualaren aurkako bi delitugatik akusatuta, gaur epaitegian izan da Silva epaile ohia, Madrilgo Justizia Epaitegi Gorenak Gonzalo Boye abokatuaren epaiketa bertan behera uzteko eskaera baztertu ostean.

Fiskaltzak egotzitako delituak ukatu ditu, eta Blesaren aurka zuzendutako instrukzioa defendatu du. Marsans Taldeari 26,6 milioiko kreditua eman eta, geroago, Floridako City National Bank erosteagatik epaitu zuen Blesa, eta horren inguruko xehetasunak eskaini ditu.

Eszedentzian dagoen epaileak adierazi du maiatzaren 22an eta ekainaren 5ean agindutako espetxeratze zigorrak arrazoizkoak zirela, fiskalaren oposiziorik gabe, "oso desegokia izaten jarraitzen duen kudeaketa bategatik":

"Inork ez dauka kristalezko bola bat frogak suntsituko ote diren argituko diona, baina krimen zantzuak zeuden", azaldu du Silvak, eta Blesaren eta gainontzeko inputatuenganako "gorrotorik ez" duela esan du.

Fiskaltzaren kontra ere ez duela ezer esan du, baina epaiketa egotea eragin duen bere aurka jarritako kereila kritikatu du, ez baitu "inongo oinarririk"; bai, ordea, "asmo delitugilea".

Epaiketak bihar jarraituko du beste lekuko batzuen adierazpenekin; tartean, Miguel Blesa eta Carlos Aguilar abokatua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea