Politika -
100 egun Exekutiboan
Enplegua eta hazkundea, Frantziako Gobernuaren lehentasunak
Agintaldi sozialistako hirugarren konferentzia sozialean sindikatuek bota dioten erronkari erantzun dio Manuel Vallsek. Lehen ministroak elkarrizketa soziala bidaia orriaren erdigunean kokatu du.
Erredakzioa
Agintaldi sozialistako hirugarren konferentzia sozialean sindikatuek bota dioten erronkari erantzun dio Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Horrela, enplegua, hazkundea eta elkarrizketa soziala bidaia orriaren erdigunean jarri ditu Vallsek. Inplikatutako alde guztiek lagundu behar dutela ohartarazi du lehen ministroak.
Lau sindikatuk konferentzia sozialari boikota egin diote. Exekutiboak enpresaburuen presioen aurrean amore eman duela uste dute sindikatuek. Konferentziak "erantzukizun ituna" martxan jarri behar zuen. Lanpostuak eta lehiakortasuna areagotzeko kotizazio sozialen ordainketa murriztea proposatzen die itunak konpainiei, besteak beste.
Honenbestez, CGT, FSU, FO eta Solidaires sindikatuak ez dira negoziazio mahaian eseri eta konferentziari amaiera eman dion hitzaldian ez dira izan. Lanbide gogorrenetan erretiroa aurreratu behar zuten abantailak urtebete (2016) atzeratzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. Neurri horren aurka protesta egin dute sindikatuek, besteak beste.
"Eskubidea dute, baina jarrera deitoratzen dut, horrela gauzek aurrera egiterik ez dutelako (...) Denbora gehiagoz elkarrizketari uko egitea ulertezina litzateke. Gure herrialdearen egoerak guztien erantzukizuna behar du", esan du Vallsek. Lehen ministroak 100 egun bete ditu Exekutiboan.
Eragile sozial guztien arteko akordioa lortu nahi du Frantziako Gobernuko presidenteak. Bilerak lan bateratuaren "garai berri bat zabaldu" du, Vallsek erantsi duenez.