Politika -

Epsilon eta Hiriko

Ikerketa Batzordeak 'erantzukizun politikoa' egotzi die EAJko karguei

Izenik eman gabe, txostenak Ekonomiaren Sustapenerako Kontseilua eta Arabako Teknologi Parkea aipatzen ditu.

Epsilon eta Hiriko proiektuak aztertu dituen Legebiltzarreko Ikerkea Batzordea. EiTB.
Epsilon eta Hiriko proiektuak aztertu dituen Legebiltzarreko Ikerkea Batzordea. EiTB.
Ikerketa batzordearen konklusioak bere horretan onartu dira

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko talde guztiek oniritzia eman diote Epsilon eta Hiriko proiektuei emandako laguntzak ikertu dituen batzordearen behin betiko txostenari. Txosten horren arabera, EAJko karguek eta agintariek "erantzukizun politikoa" dute bi proiektuei emandako laguntzek funts publikoetan eragindako kalteengatik.

Batzordeak azken txostena onartu du oposizioko talde guztien babesarekin. EAJ izan da aurka agertu den talde bakarra. Txostena Legebiltzarrean eztabaidatuko dute.

Alderdiek ateak itxita eztabaidatu dute Carmelo Barriok (PP) idatzitako txostenaren edukiari egindako ekarpenak. Batzordeak Epsilon eta hiriko proiektuari emandako 60 milioi euroko diru-laguntza publikoak aztertu ditu. Bi proiektuek porrot egin zuten.

Hala ere, ekarpenek ez dute aurrera egin, ez baitute beharrezko gehiengorik lortu, eta, ondorioz, Carmelo Barriok idatzitako txostena aldaketarik gabe onartu dute.

Duela egun batzuk aurkeztutako txostenaren zirriborroan laguntza publikoetan izandako "irregulartasunak" aipatzen ziren. Hala ere, eta "Ekonomiaren Sustapenerako Kontseiluko kideek erantzukizuna" zutela esan arren, zirriborro horretan ez zen kontseilu horretako kideen izenik ematen. Ana Agirre Industria sailburu ohia eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua ziren kide horietako batzuk.

Kontseilu horrek Epsilon "proiektu estrategiko" izendatu zuten, 2007ko irailaren 28an egindako bileran. Tapia ez zen bilera horretan egon, baina Agirreri bere izenean aritzeko baimena eman zion.

Izenik ez

EH Bilduk eta UPyDk arduradunen izen-abizenak aipatzearen alde zeuden, baina proposamenak ez du gainerako alderdien babesa jaso eta ez da aurrera atera. EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dute, eta oposizioko alderdiek jarrera hori aurpegiratu diete sozialistei.

Txostenak Arabako Teknologia Parkeko zuzendaritzako kideei ere erantzukizun politikoa egotzi die, 2009. urtean egindako operazioak begi onez ikusi zituztelako.

Hiriko

Hirikori dagokionez, "SPRIko zuzendaritzak ere erantzukizuna" izan duela ondorioztatu dute, proiektua gertutik jarraitzeko betebeharra zuelako.

Hirikok 15 milioi euro inguru jaso zituen eta ez zuen "benetako bideragarritasun planik". Txostenaren arabera, Jaurlaritzari "ikuspegi estrategikoa" falta zitzaion, proiektu horri laguntzak emateak zeukan "arriskua" ikusi ez zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea