Politika -
Epsilon eta Hiriko auziak
Batzordeak 'seinalatutakoak' kargugabetzea eskatu dio UPyDk Urkulluri
Jaurlaritzak ez die Kode Etikoa ezarriko Legebiltzarraren ustez Epsilon proiektuan erantzukizun politikoak izan dituzten kargudunei.
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Epsilon eta Hiriko auzien ikerketa batzordeak "seinalatutako" goi-kargudunak kargugabetzea eskatu dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari.
Eusko Legebiltzarreko batzordeak erantzukizun politikoak egotzi zizkien Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundietako hainbat kargudun jeltzaleri, porrot egin zuten proiektuak estrategikotzat jo zituztelako, oinarri industrial eta komertzial "argirik" ez bazuten ere.
Besteak beste, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Ana Aguirre Justiziako sailburuordea daude batzordeak seinalatutakoen artean, 2007. urtean Epsilon proiektuari argi berdea eman zion kontseiluko kide zirelako.
Josu Erkoreka bozeramaileak aurreratu zuenez, Jaurlaritzak ez die Kode Etikoa ezarriko Legebiltzarraren ustez Epsilon proiektuan erantzukizun politikoak izan dituzten kargudunei.
Hori dela eta, Maneirok neurririk hartuko duen galdegin dio Urkullu lehendakariari.