Politika -
ETA-ko kidea
Joseba Aranibar Almandoz 'Basurde' Espainiaratu du Frantziak
2006ko abenduaren 30ean, Madrileko Barajas aireportuaren aurka egindako erasoaren ustezko antolatzaileetako bat da. Atentatuan bi lagun hil zituen ETAk.
Erredakzioa
Joseba Aranibar Almandoz Basurde ETAko kidea Espainiaratu du Frantziak, Espainiako Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez.
Garikoitz Aspiazu Rubina Txeroki ETAko buruzagi militarrarekin batera, 2006ko abenduaren 30ean, Madrileko Barajas aireportuaren aurka egindako erasoaren ustezko antolatzailea izan zen. Atentatuan bi lagun hil zituzten.
34 urteko Aranibar 2007ko uztailaren 2an atxilotu zuten, Saint Jean Pied de Porten, Ekaitz Agirre Goñi eta Angel Cardaño Reoyo ETAko talde militarreko beste bi kideekin batera.
Hiru atxilotuak ETAren Elurra taldeko kideak ziren. Autoan 236 kilo lehergai, armak, munizioa, matrikula faltsuak, Frantziako, Portugalgo eta Espainiako nortasun agiriak, material informatiko eta fotografikoa eta 5.000 euro baino gehiago atzeman zituen Poliziak.
Aranibar Berakoa (Nafarroa) da. Bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Frantzian erakunde terroristako kide izateagatik, eta lehergaiak eta agiri faltsuak eramateagatik.