Politika -
Udal eta Foru hauteskundeak
Irailean hasiko du EH Bilduk hautagaiak adosteko prozesua
Hautagaiak adosteko prozesuak ez duela primario batekin zerikusirik izango azpimarratu du Alvarezek, baina militanteen parte-hartzea bultzatuko dutela gaineratu du.
Erredakzioa
EH Bilduk irailean hasiko du hautagaiak erabakitzeko prozesua, 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira. Prozesua “parte-hartzailea” izatea espero du koalizioak.
Etorkizuneko Donostia nolakoa izango den, bizilagunek nolakoa izatea nahi duten eta horretarako ze erabaki politiko hartu behar diren aztertu nahi du EH BILDUk, HIRIBIZI 2030 programaren bidez. Joseba Alvarezek aurkeztu du aipatu ekimena. Gaurtik Urria arte jasoko dituzte herritarren ekarpenak, eta ondoren aztertuko dituzte ekarpenak.
Hauteskundeei begira, hautagaiak adosteko prozesuak ez duela “primario batekin” zerikusirik izango azpimarratu du Alvarezek, baina militanteen parte-hartzea bilatuko dutela gaineratu du.
2011ko hauteskundeekin alderatuz, prozesu ezberdina izango dela nabarmendu du, orduan “kutsatutako zerrenden mehatxua” izan zutelako.
Egungo agertokia “ezberdina” dela berretsi du. “Legezkoak gara eta, hasiera batean behintzat, ez du ematen legez kanpo utziko gaituztenik, nahiz eta batzuk horretan saiatuko diren”. Horregatik, parte-hartze prozesua “askoz normalagoa” izan daitekeela aurreratu du EH Bilduko agintariak.
Militanteek izenak proposatzea nahi du koalizioak. Behin ekarpenak jasota, bozkatu egingo dituzte, hautagaitzak osatu aurretik. Ezker abertzaleen hautagaiekin batera, Donostian Aralar ere sartuko da.