Politika -
Milaka lagun
Sortuk esan du 'ANren erasoari' lan gehiagorekin erantzungo diola
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte aste honetan ezagututako espetxe-zigorren -hiru urterainokoak- kontrako elkarretaratzeak.
Erredakzioa
Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako elkarretaratzeetan, herriko tabernen sumarioan auzipetuek aste honetan jasotako zigorren kontra egin dute.
Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen ustean, Auzitegi Nazionalak herriko tabernen auzian emandako epaiaren edukiak "agerian utzi du herrialde honetan gatazka politikoa galdu duen Estatu baten jarreraren ahulezia".
Halaber, ziurtatu du ezker abertzaleak "horren moduko erasoei" lan gehiagorekin erantzungo diela; lan gehiago "herrialde hau bake eta elkarbizitza egoera batean -eskubide guztiekin- izatea", lortzeko.
Sortuk Donostian, Artzain Onaren plazan, egindako elkarretaratzean egin ditu adierazpenok Barrenak, eta harekin batera Joseba Permach, Rufi Etxebarria, Idoia Aiastui, Idoia Arbelaitz, Ernesto Merino (Aralar), Ander Rodriguez (Politika sozialeko diputatua) eta Juan Karlos Izagirre, besteak beste, izan dira, 'Aski da, auzi politikorik ez' zioen pankarta baten atzean.
Agintari abertzalearen esanetan, Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiarekin "20 militante independentista, beste behin ere bizitzako proiektua okertu nahi dieten 20 pertsona", kartzelara bidaliko dituzte.
Bestalde, gaineratu duenez, epaiak "111 herriko taberna konfiskatzea" agintzen du; horrek, Barrenaren ustean, "1936ko gerratik elkarte politiko bati egindako konfiskaziorik handiena da".
Azkenik, Barrenaren arabera, epaiak "agerian utzi du herrialde honetan gatazka politikoa galdu duen Estatu baten jarreraren ahulezia". "Hemen etorkizuna modu askean erabaki nahi duen gehiengo sozial eta politikoa dago, eta azkeneraino eraman nahi dituzte ondorioak".