Politika -
Epaiaren ostean
'Auzitegi Nazionalak 1936ko konfiskazio faxista handia errepikatu du'
Herriko Tabernetako eta zenbait elkarte kulturaletako ordezkariek salatu dutenez, epaiak "euskal independentismoak lokaletan duen hondasuna eta jarduera politikarako baliabideak konfiskatu ditu".
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak ETAren parte edo harekin kolaboratzea argudiatuta zigortutako 110 herriko tabernen eta elkarte kulturalen ordezkariek "1936ko konfiskazio faxista handia errepikatzea" leporatu diote ANri.
Zarauzko Musikaren Plazan egindako agerraldi publiko batean, herriko tabernen eta elkarte kulturalen ehunka ordezkarik, tartean Joseba Alvarez Sorturen bozeramalea egon da, , epaiak "euskal independentismoak lokaletan duen ondasuna eta jarduera politikarako baliabideak konfiskatu" dituela salatu dute, Agustin Alberrok eta Koldobike Munianek irakurritako idazki batean.
Horren ildotik adierazi dutenez, herriko tabernak "herri esfortzuaren sinbolo eta eredu" dira. "Milaka pertsonaren lana, esfortzua eta ekarpen ekonomikoari esker Euskal Herriko dozenaka auzok jarduera kulturaletarako, eztabaidarako eta herri mugimenduen zerbitzura eta herrien eta auzoen dinamika ugariren zerbitzura egindako jarduera politikoa egiteko lekua izan dute".
Ordezkarien ustean, Estatuak hori, hain justu, "konfiskazioaren bidez desagerrarazi nahi du". Halaber, Estatuak "ezker abertzalearen porrotaren ideia faltsua sendotu" nahi du eta, horren aurrean, "gehiengoaren atarian dagoen indar politiko baten ondasunak konfiskatzen ari dira, eta horrek porrot politikoaren ideia zapuzten du".
Bestalde, ohartarazi dutenez, "herrikoak konfiskatzea gatazka politikoa galdu duen Estatu baten ezinegonaren sinbolo izango da, eta ezker abertzalearen baseei euren lokalak eta lekuak lapurtzen ari zaizkie".
Halere, baseek "Euskal Herriko auzi eta herrietako eguneroko soziala eta politikoan dagozkien lekua mantentzen jarraituko dute", eta "independentziaren eta sozialismoaren alde lan egiten jarraituko du; normalkuntza demokratikoaren aldeko prozesua azkeneraino eramanda".