Politika -
Adierazpenak
Urkullu: 'Gobernuak ez ditu Euskadi eta Katalunia errespetatzen'
Lehendakariak esan duenez, Mariano Rajoyk ez dio oraindik erantzun, bilera bat egiteko eskaeraren inguruan; hitzordu hori Artur Masek Moncloan izandakoagatik eskatu izana ukatu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, PPren eta PSOEren ondoz ondoko gobernuek ez dute "nazioen nazioa" den Espainia errespetatzen, eta, horren ondorioz, Euskadiko eta Kataluniako biztanleen Estatuaren erakundeenganako gaitzustea "gero eta handiagoa da".
Urkulluk, EFErekin izandako elkarrizketa batean, gaurkotasun politikoa aztertu du, eta aitortu du hainbat alditan eskatu duela Mariano Rajoyrekin bilera bat, baina ez du, orain arte, bidalitako gutunen "jaso izanaren adierazpenik ere".
"Ez dakit ezta bilera egingo dugun", azpimarratu du lehendakariak. Gainera, hitzordu hori Artur Masek Moncloan izandakoagatik eskatu izana ukatu du: "Euskal gaiak euskal gaiak dira, euren ibilbidea eta egutegia dute, eta gainerako erakundeetako ordezkarien agendetatik kanpo daude", nabarmendu du, ekiten jarraituko duela esan aurretik.
"Errespetua galdu izana", arazoaren oinarria
Espainiako Gobernuaren duen arazoaren oinarria, Urkulluren ustez, "errespetua galdu izana" da: "Ez dute Konstituzioak islatzen duen Estatuaren plurinaziotasuna errespetatzen", eta, hortaz, Euskadiko eta Kataluniako herritarren biztanleen gaitzustea "gero eta handiagoa" da.
Lehendakariaren ustez, Gobernuaren Presidentetzaren erantzunik ere ez izateak Rajoyren "estiloa" laburbiltzen ditu; izan ere, Espainiako presidenteak ezagutzen ditu zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzaren eskaerak, Gernikako Estatutua bete ez izanagatik.
Jordi Pujolen inguruan
Jordi Pujol Kataluniako Gobernuaren presidente ohiaren inguruan galdetu diotenean, Urkulluk aitortu du "amorrua" ematen diola "30 urteren buruan, egoera honetara heltzeak". Bere ustez, batzuek nahasketa interesatua egiten dute, eta sistema osoa ustezko ustelkeraren kasuekin nahasten dute.
Onartu du auzi honek kezkatzen duela, ez bakarrik EAJk historian zehar CiUrekin izandako harremanarengatik, baizik eta, batez ere, politikaren kudeaketa txarrak "hirritarrengan duen eraginarengatik".
Hala ere, erabat baztertu du honek abertzaletasunaren legezkotasuna zalantzan jartzea; izan ere, Matas, Gürtel, Camps edo Andaluziako EREen bezalako auziek ez dute eraginik izan "PSOEk eta PPK espainiar nazionalismoaren sentimenduan".
Euskadiko PPren akusazioak
Urkulluk, halaber, azken egunetan Euskadiko PPtik egindako akusazioen inguruan hitz egin du. Izan ere, Jordi Pujolena bezalako auziak Euskadin ere egon litezkeela esan zuen Nerea Llanosek, eta Iñaki Oyarzabalek nabarmendu du EAJk azalpenak eman behako lituzkeela batzokiak nola finantzatu dituen zehazteko.
Lehendakariaren ustez, PPk frogarik gabeko akusazioak egiten ditu "jendeak alderdi horrengan eragina duten beste auzietaz ahazteko"; EAJri, Urkulluren esanetan, bere ondarea kendu zioten Gerra Zibilaren ondorioz, eta ondare horren zati bat oraindik ez diote bueltan eman.
Batzokien finantzaketarako diruari dagokionez, Urkulluk lokalak erosi edo alokatzeko bere alderdiaren afiliatuen ekarpenak goraipatu ditu, eta nabarmendu du EAJri urtero ikuskatzen dizkietela kontuak.
Javier Marotorentzat, kritikak
Halaber, Javier Maroto Gasteizeko alkatearen "populismoa" kritikatu du. Marotok (PP) esan du Arabako hiriburuan bizi diren etorkin magrebtar batzuk "gizarte-laguntzen kontura" bizi direla.
Bere ustez, legea aldatu beharko litzateke, laguntza horiek kontrol handiagoa izan dezaten; izan ere, laguntza sozialak jasotzen dutenen % 60 edo 70 Espainian jaioak dira, eta salatutako 53 milioiko iruzurra bi urteetan zehar emandako laguntzen % 6 da (800 milioi euro, guztira, bi urteetan).
Hala ere, Urkulluk ez du ezer esan nahi izan PPren eta EAJren erlazioen balizko hausturaren inguruan; bere ustez, EAJri bakarrik, alderdi bezala, ardura dio.
PSErekin dituzten itun fiskalak
Urkulluk uste du suspertze ekonomikorako eta enplegurako akordioei eutsiko dietela, eta baita PSErekin adostutako itun fiskalei, nahiz eta aldaketak egongo diren, ondorengo hilabeteetan, alderdi horretan.
Lehendakariak gogoratu duenez, PSEren Idazkaritza Orokorrarako hautagaia izango den Idoia Mendia bere alderdiaren zuzendaritzan zegoen, itun hori sinatu zutenean; hortaz, akordio horretan "sakontzea" ere espero du, nahiz eta ulertuko lukeen berrikusketa bat egotea kargu sozialisten berrikuntza amaituta.
Legegintzaldiaren ia erdia bukatuta, Iñigo Urkullu pozik dago, batez ere, herritarrek krisialdi ekonomikoa gainditzeko egindako ahaleginarekin, eta politika publikoen oinarrizko zerbitzuetan murrizketarik egon ez izana.
Udarako oporren osteko erronketan, enpleguaren susperraldia, EAJren, PSEren eta PPren artean adostutako zerga-erreforma eta Udal-Legea aipatu ditu (Euskadi da lege hori ez duen erkidego bakarra). Halaber, gizarte-zerbitzuen plan estrategikoa eta autogobernuaren garapena ere nabarmendu ditu, "zuzeneko bake batetik abiatutako bizikidetasuna normalizatzeaz gain, noski".