Politika -

Omenaldia

Senitarteko eta lagunek Joxe Mari Korta gogoratu dute Zumaian

Ezker abertzaleko ordezkaritza batek hartu du parte omenaldian. Gaur 14 urte hil zuen ETAk Joxe Mari Korta enpresaburua.

Joxe Mari Korta ETAk hildako enpresaburua gogoratu dute, gaur, Zumaian. Argazkia: EITB
Joxe Mari Korta ETAk hildako enpresaburua gogoratu dute, gaur, Zumaian. Argazkia: EITB
ETAk duela 14 urte hildako Joxe Mari Kortari omenaldia, Zumaian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joxe Mari Korta ETAk gaur 14 urte hildako enpresaburua gogoratu dute gaur, Zumaian, haren senitarteko eta lagunek. Erakundeetako eta alderdi politiko nagusienetako ordezkaritza zabal batek hartu du parte Adegiko burua izan zenaren aldeko omenaldian.

12:00etan hasi da ekitaldia, Korta hil zuten lekuan, bere enpresaren atarian. Elkarretaratze isil bat egin dute enpresaburu zenaren monolitoaren aurrean, eta, ondoren, lore-eskaintza egin diote. Kortaren alarguna eta semeetako bat egon dira bertan, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza saileko idazkari nagusia eta  Monika Hernando Giza Eskubide eta Biktimen bulegoko zuzendaria izan dira gaur Zumaian.  Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezari gisa, berriz,  Martin Garitano Gipuzkoako Aldun Nagusia, Ikerne Badiola Kultura eta Euskara diputatua eta Jon Pelli Uriguen Berrikuntza diputatua joan dira. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ere hartu du parte ekitaldian.

Alderdi politiko nagusienetako ordezkaritza zabala izan da Kortaren aldeko elkarretaratzean. Besteak beste,  Pernando Barrena Sortuko bozeramailea izan da,  Alberto Unamunzaga (Amaiur) eta Pello Urizarrekin (EA) batera.

Bestalde, ogibide izan zituen enpresaburu asko izan dira omenaldian, tartean,  Miguel Angel Lujua Confebaskeko  presidentea eta Pello Gibelalde Adegikoa.

Elkarbizitza baketsu baterantz, "urratsak"

Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak antolatu du ekitaldia. Elkarretaratzearen ondotik, Jesus Mari Mujika fundazioko  bozeramaileak hartu du hitza,  eta hiru mezu helarazi nahi izan ditu. Batetik, eskerrak eman nahi izan dizkie, fundazioaren izenean,  "gorrotoa eta mendekua gainditu eta, herri honetan gertatu denaren irakurketa zintzoa eta autokritika egin ondoren, bizikidetzaren alde pausoak ematen ari direnei".  Mujikaren hitzetan, gizarteak geroz eta argiago ditu elkarbizitza egoki bat eraikitzeko baloreak zeintzuk diren.

Bestalde, elkarbizitzaren alde "pausoak ematen ari ez direnak" aipatu ditu fundazioko bozeramaileak. "Bada zenbait jende pausorik eman nahi edota ematen ausartzen ez dena. Horiei gauza bat esan nahi diegu: gure ustez, pauso horiek ez emateak, beste batzuk ematen ez dituztenaren aitzakian, ez du balio. Pausoak norberak eman behar ditu eta horrek besteak ere behartuko ditu urratsak ematera",  nabarmendu du. Azkenik, belaunaldi berriak izan ditu gogoan Mujikak.  "Garaia da belaunaldi berriek elkarbizitza baketsu batera ohitu daitezen eta ez indarkeria ikustera, eta, askotan, justifikatu beharrera. Belaunaldi berriei hori zor diegu eta gure fundazioaren  helburua horixe da", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea