Politika -
Azaroaren 2an
Erabakitze eskubidearen aldeko kontsulta egingo dute Arrankudiagan
Aipatutako herriko plazan aurkeztu dute egitasmoa, eta antolatzaileek azaldu dute behin betiko galdera herritarren batzar batean zehaztuko dutela.
Erredakzioa
Arrankudiagako plataforma batek erabakitze eskubidearen inguruko herri galdeketa bat antolatu du datorren azaroaren 2rako, eta gaur aurkeztu dute egitasmoa.
Aipatutako herriko plazan aurkeztu dute egitasmoa, eta antolatzaileek azaldu dute behin betiko galdera herritarren batzar batean zehaztuko dutela. Hainbat aukera izan daitezkeela azaldu dute, baina datorren irailaren 5ean jakinaraziko dute zein den aukeratutakoa.
Ohar baten bitartez jakinarazi dutenez, Ados plataforma alkate ohi eta Bizkaiko Batzar Nagusietako EAJko eta ezker abertzaleko kide ohi batzuek osatu dute, eta sindikatu eta herriko talde askotako ordezkariek ere hartu dute parte bertan.
"Oinarrizko kontua"
Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dute "ibilbide eta sentsibilitate politiko, erlijioso edota kultural ezberdinetako" herritar talde bat aspalditik batzen dela bertan, "gure ezberdintasunen gainetik dagoen oinarrizko kontu batean" bat egiteko asmoz: "gure herriak bere etorkizunaren inguruan demokratikoki erabakitzea ahalbidetzeko".
Behin betiko galdera irailean erabakiko bada ere, galdera horrek "kontuan hartuko du herri eta herritar bezala daukagun estatusa aldatzeko aukera", aurreratu dute plataforma horretako kideek.