Politika -

Erasoa

Etxerat: 'Loiuko erasoak ez du gatazkaren ebazpenean laguntzen'

ETAren presoen familiakoen elkarteak nabarmendu duenez, gertakariak "kezka handia" eragin dio, ez du inolako ekarpenik egiten, eta ez du laguntzen orain arte egin duten lanean.

Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.
Aurrera doa Loiun erretako autobusen inguruko ikerketa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat ETAren presoen familiakoen elkarteak ostiralean esan duenez, Loiun izandako bost autobusen erreketak "kezka handia" eragin dio, ez du inolako ekarpenik egiten, eta ez du laguntzen orain arte egin duten lanean.

Horrela erantzun die Etxeratek, prensa oharrean, bere ustez sabotajearen ostean "Eusko Jaurlaritzak botatako itaun erdiestaliei". Jaurlaritzak erreketaren inguruko ageriko gaitzespena eskatu zien "iraganean eman ez zutenei". Talde anonimo batek hartu zuen bere gain erasoa, gaixo dauden ETAren presoak espetxetik kanpo irtetea eskatzeko egin zuela azaltzen.

Oharrean, ETAren presoen familiakoek azaldu dute "gaur egungo egoeraren larritasunak erabaki politiko ausartak" eskatzen dituela; eta horiek, "une honetan, ez dira aintzat hartzen ari".

"Giza eskubideen defensari alderdien arteko joko honetatik aldendu behar zaio. Guk eta gure familiakoek pairatzen ditugun eskubideen urratze oso larriekin amaitzeko garaia da", gehitu du Etxeratek.

Elkartearen ustez, azken orduetako irmotasuna ez da errepikatu, erakundeen eta alderdien aldetik, sakabanaketak istripuak eragin dituenean, edo familiakoek erasotuta izan direnean edo medikuek artatu nahi izan ez dituztenean.

Sare "argi eta garbi" aldendu da

Bestalde, presoen aldeko hiri sarea, Sare, "argi eta garbi" aldendu da Loiuko autobusen erreketatik; dena den, eta beste ohar batean, gogorarazi du presoen egoera "larria" dela, eta haiek "etxera bueltatzea" ezinbestekoa dela pairatzen duten egoera arintzeko.

"Euskal gizartea -esan dute, idatzian- etapa berri batean dago, eta denok aktibatu behar gara, presoen eskubideak errespetatuak izan behar direla sendo eskatuz, indarrak bilduz eta, horien guztien etxera bueltatzearen defentsan, bidea eraikiz".

Sortuk "erabat gaitzesten ditu mota honetako ekintzak"

Maribi Ugarteburu Sortuk Bizkaian duen bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari egotzi dio "PPren bozeramailearen lana egitea" eta, gertakari "zakar" batetik abiatuta, "hitzaldi alderdikoia" eraikitzea.

Maribi Ugartebururen esanetan, "ondo ezaguna da Sorturen iritzia"; izan ere, ostegun honetan zabaldu zuen, presoak babesten dituen talde batek erasoa bere gain hartu ostean. Ildo horretan, berretsi du bere alderdiak "erabat" gaitzesten dituela mota honetako ekintzak, eta euren estrategia politikotik eta demokratikotik kanpo kokatu ditu.

Gainera, esan duenez, honelako sabotajeek "gatazka betikotzea nahi dutenei bakarrik laguntzen die, eta, hortaz, giza eskubideen urratzearekin aurrera jarraitzen dutenei; kasu honetan, preso dauden pertsonen eskubideen urratzeen aldekoei".

Aralarrek gaitzetsi du eta uste du "kaltegarria" dela

EH Bildu Sorturekin, EArekin eta Alternatibarekin batera osatzen duen Aralarrek Loiun gertaturikoa gaitzetsi du, eta, halaber, esan du "aukera" hori "kaltegarria" dela.

Ostiralean zabaldutako ohar batean, Aralarrek esan du kale-indarkeria "gaur eta beti" izan dela kaltegarria giza eskubideen eta eskubide politikoen eta zibilen defentsarako. "Bidezkoak ez diren beste ekintza batzuen aurka egin dela esanez ekintza zakar bat justifikatzeak ez du inolako irtenbiderik ekartzen", esan dute oharrean.

"Presoen eskubideen defensa, PPren Gobernuak egiten duen eta PSOEk eta EAJk behar bezala erantzuten ez duten espetxe-politikaren aurka, era demokratikoan bakarrik egin behar da, azpimarratu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak