Politika -
Epaiketa
Ekinekin lotuta atxilotu zituzten hamabost lagun auzipetu ditu ANk
2010eko irailaren eta 2011eko urtarrilaren artean atxilotu zituzten hamabost pertsonek “epaiketa politikoen” amaiera eskatu dute. Egunotan ari dira jasotzen autoak.
Erredakzioa
Ustez Ekineko kide izatea leporatuta 2010eko irailaren eta 2011eko urtarrilaren artean atxilotu zituzten hamabost pertsonek “epaiketa politikoen” amaiera eskatu dute. Egunotan ari dira Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epailearen autoak jasotzen, talde terroristan parte hartzea edo parte izatea egotzita.
Ohar batean, auzipetuek honako hitzok esan dituzte: “Dagoeneko lau urte pasatu direnean geure atxiloketatik eta kartzelan izan ginenetik, zentzurik gabeko prozesu honek jarraitu egiten du”.
Fernando Grande-Marlaska 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko titularrak zuzendutako Ekinen aurkako operazioaren ondorioz, atxiloketen lehenengo fasean atxilotutako bederatzi pertsonetatik sei kartzelara bidali zituzten. Operazioa lau hilabete geroago bete zen.
Behin kausaren izapideak amaituta, euren aurka irekitako bi prozesuen “faltsukeria” nabarmendu dute idatzian, eta Auzitegi Nazionalak “tortura saio luzeetan oinarrituta berriro ere polizien denuntziei sinesgarritasuna ematea” kritikatu dute. Halaber, “ez berme minimo juridikorik ez demokratikorik ez duen epaiketa” izango dutela adierazi dute. “Politika egitea delitua ez dela” aldarrikatu dute.