Politika -

Atxiloketa

Raul Fuentes Villota ustezko etakidea kartzelaratuko dute

Erresuma Batuak espainiaratu zuen atzo, 2012an Liverpoolen atxilotua izan ostean. 1991an Barakaldoko auto batean leherkari bat jartzen saiatzeagatik epaituko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Oporretako Epaitegiak Raul Fuentes Villota ustezko etakidea espetxeratu du gaur, atzo Erresuma Batuak espainiaratu ostean. 2012ko azaroaren 16an atxilotu zuten Liverpoolen, 1995etik ihes eginda egon eta gero.

Fuentes Villota Auzitegi Gorenarekin irekita duen auzi bakarragatik epaituko dute: 1991ko ekainaren 6ko gauean Barakaldoko polizia baten auto batean leherkari bat jartzen saiatzeagatik.

Poliziak atentatua saihestu zuen Fuentes Villota eta Matalaz komandoko ustezko beste bi kide atxilotuta (Juan Maria San Pedro Blanco eta German Urizar de Paz). Lehenago, elkar tirokatu ziren.

Lau urte eta gero, behin-behineko espetxe-zigorra betetzeko epea amaituta, aske gelditu ziren, eta Fuentes Villotak ihes egin zuen.

Berriro espetxeratua izan ez zedin, defentsak esan du delitua jada iraungita dagoela. Epaitegiko hiru epaileetatik bik, ordea, Guillermo Ruiz Polancok eta Angel Hurtado de Mendozak, baztertu egin dute argumentua.

Epaitegiko hirugarren magistratuak, Jose Ricardo de Pradak, gehiengoaren aurkako botoa eman du. Haren ustez, delituak iraungita daude, hilketa saiakera bat baita, eta ez hilketa bat; hori dela eta, ez da kontuan izan behar hilketagatik aurreikusitako 20 urteko iraungitze epea.

De Pradaren aburuz, Epaitegiak kontuan izan beharko zukeela iraungitzea, kartzelaratzearen ordezko "kautela neurriak" hartu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak