Politika -
Nafarroa
Hasier Arraiz: 'EH Bildu da UPNren alternatiba bakarra Nafarroan'
Datorren ikasturte politikoa garrantzitsua izango dela iritzi dio Sortuko presidenteak, udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango direlako.
Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidentea Yolanda Barcina UPNko presidenteak atzo esandakoarekin ados agertu da, EH Bildu dela UPNren alternatiba bakarra Nafarroan, alegia.
"UPNren alternatiba bakarra Bildu buru izango duena izango dela esan zuen atzo Barcinak, eta gu erabat ados gaude. Hain zuzen ere, egin beharreko hautua honakoa da: erregimenarekin, Barcinarekin, jarraitu edo EH Bildu buru izango duen alternatiba babestu", nabarmendu du.
Sortuk Berriozarren antolatutako udako eskolatan izan da gaur Arraiz, eta hasi berri den urte politikoa azken urteotako "garrantzitsuena" izango dela azpimarratu du, udaberrian udal eta foru hauteskundeak izango direlako. Hala, udaberriko hauteskunde horiek Nafarroako "aldaketa politikorako" erabakiorrak izatea espero du.
Bestalde, erabakitzeko eskubidearen urtea ere izango da Eskozian eta Katalunian, Arraizen arabera. Eskoziarrei zorterik onena opa die eta "onena, zalantzarik gabe, independentzia" dela aldarrikatu du. "Eskoziarrek irabazi egin dute eurak baitira, gaur egun, beren etorkizun politikoaren jabe". Arraizen esanetan, "aurrerapauso handia da hori demokraziara bidean".
Kataluniako galdeketa
"Katalunian zoritxarrez egoera bestelakoa da, izan ere, Espainiako Estatuaren jarrera elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren kontrakoa da, eta ez dio ahotsa eta hitza eman nahi herriari. Kataluniako erakundeak egoera zailean daude, izan ere, Espainiako Gobernuaren debekua eta ukazioa onartu ala Kataluniako gizartearen mandatua bete erabaki behar dute", azaldu du.
Arraizen esanetan, "momentuz, Kataluniako erakundeak herritarrei obeditzeko eta burujabetza prozesuarekin aurrera jarraitzeko prest daude". Sortuk kataluniarren "irrika eta intentzio hori" txalotu du eta herritarrei "beren etorkizun politikoaren jabe izatea lortu arte aurrera egiteko" dei egin die.
Erabakitzeko eskubidea
Bestalde, euskal herritarrak beren etorkizun politikoaren jabe izan daitezen lortzeko prozesua abian jarri behar dela adierazi du Hasier Arraizek. Horretarako, "akordioak lortu behar dira, herri akordioak, akordio zabalak eta hainbat arlotan gainera. Arraizen iritziz, euskal herritarrekin batera EH Bilduk gidatu behar du prozesu hori.