Politika -
Aurrekontua amaituta
Jaurlaritzak ez du kontziliazio-laguntza gehiago emango 2014an
Halere, eskaerak jasotzen jarraituko dute, eta, “2015eko aurrekontu-baliabideen arabera”, datorren urtean laguntzak emango dizkiete baldintzak betetzen dituzten pertsonei.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez du aurten familia eta lan-bizitza bateratzeko laguntza gehiago emango, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak jarduera honetarako ezarritako 17,3 milioi euroko partida amaitu ostean.
Partida abuztuaren 22an amaitu zen, eta astelehen honetan Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak egoera honen berri ematen duen Politika Sozialen Sailburuordetzaren ebazpena argitaratu du.
Gaixo dauden senideengatik lan-utzialdia edota lanaldia murriztuta ikusi duten langileei dagokien laguntzarako amaitu da kreditua, baita seme-alabak zaintzeko kontrataziorako ere.
Astelehen honetan Aldizkari Ofizialean argitaratutako informazioan irakur daitekeenez, laguntza hauek erregulatzen dituen dekretuari “ezezkoa emango zaio, kreditu egokia ez badago nahi den helbururako”.
Juan Maria Aburto buru den Sailetik jakitera eman dutenez, “dirua bukatu egin da”, eta, ondorioz, “ez da partida berririk bideratzeko aukerarik” aurtengo aurrekontuan.
Halere, eskaerak jasotzen jarraituko dute, eta, “2015eko aurrekontu-baliabideen arabera”, datorren urtean laguntzak emango dizkiete baldintzak betetzen dituzten pertsonei.